Eneko BARBERENA
Idazlea
JOPUNTUA

Foam

Segi ilegalizatu osteko lehen manifestazioa zen, neguko Seber Altube enparantza hotz eta hutsean. Ehun ginen, hogeita bi, ala bakarrik geunden bi. Gutxi. Abiatu ahala kargatu zuten; su, ke, korrikaldi eta Alde Zaharreko kaleetako oihartzuna zen oro. Ordu erdira, farolapean, L-k bi besoekin helduta, jertse tenkatua jarri zigun muturren parean: zulo galanta zuen, izan ere, hain gertutik tiro egin zioten, gomazko piloten berotasunak jantzia erre baitzion. Bizkarra majo gorrituta zuen, eta hala ere inork ez genion aholkatu larrialdietara joatea, ertzainen ehiza tokia baitzen hura. Artean urteak falta ziren Ester Quintana, Xuban Nafarrate edota Iñigo Cabacasen izenak ezagun egiteko. Tarajal ere ez zen ageri gure mapetan.

Iridia giza eskubideen defentsarako zentroaren eta Novact nazioarteko institutuaren arabera, 2000. urtetik hona Estatu espainolean 40 laguni eragin diete Poliziak jaurtitako gomazko pilotek. NAIZek zekarren albistea 2021eko ekainaren 16an. Aipaturiko 40 kasuetan ez da tirogile bakar bat ere kondenatu. Poliziaren, epaileen eta politikarien kolaborazioa erabatekoa da erantzukizunak estaltzeko. Dena den, kolore askotariko poliziek neurriak hartu zituzten, zerbait esatearren, gomazko piloten fama txarrari iskin egiteko. Mossoek eta ertzainek foam pilota edo balak erabiltzen dituzte orain, material onberagoa delakoan disidentziaren gorputz zaurgarrientzat. Josu Zubiaga EAEko Segurtasuneko Sailburuorde ohiaren arabera, material horrek aukera eskaintzen zion Ertzaintzari «punteria fintzeko». Galde diezaiola Nahuel Gomezi ea material horrek kilimak eragiten dituen.

Urteetan txapelgorriak EAJren informazio agentzia eta morroi izan dira. Trukean inpunitatea, indarkeria neurrigabea, harrokeria eta sektarismoa hazi dira. Degradazioak jada propaganda oro gainditzen du. Foam metaforen sasoian, Ertzaintza desegin eta herritarron artean hitz egiteko unea da, ea zer nahi dugun. Beste eredu bat, abolizioa, edo dena delakoa. Eztabaida polita litzake eta gustura parte hartuko nuke.