13 JUN. 2023 Gizartean ez dira murriztu emakumeen kontrako aurreiritziak Emakumeen kontrako aurreiritziek oraindik ere errotuta jarraitzen dute mundu osoan, NBEk burututako ikerketa baten arabera. Azken hamarkadan aurreiritzi horiek oso gutxi murriztu dira. Nazio Batuen Garapen Programak (NBGP) egin du ikerketa munduko 80 herrialdetan, 2017-2022 urteetan jasotako datuekin. Inkestatuen %40k uste dute gizonak exekutibo hobeak direla. (GETTY IMAGES) GARA NEW YORK Nazio Batuen Garapen Programak (NBGP) aurkeztutako ikerketa baten arabera, emakumeen kontrako aurreiritziek oso errotuta jarraitzen dute eta azken hamarkadan ez dira murriztu. Ikerketa 2017tik 2022ra jasotako datuen bidez osatu du NBGPk. Inkesta 80 herrialdetan burutu du, munduko biztanleriaren %85 ordezkatzen duen laginarekin. Ikerketaren emaitzak aztertu eta ondorioztatzeaz arduratu da genero arau sozialen indize berria. Ikerketak gaiari buruzko hainbat datu esanguratsu agertu ditu; besteak beste, 10etik 9k emakumeen kontrako zenbait aurreiritzi dituztela. Horretaz gain, %40k uste dute gizonak exekutibo hobeak direla eta %50ek uste dute gizonak buruzagi politiko egokiagoak direla, emakumeekin alderaturik. Gainera, 10etik 4k uste dute ongi dela gizonak bere emaztea jotzea. Ikerketan aipatzen den moduan, horrelako aurreiritziak gizartean errotuta jarraitzeak hainbat ondorio nabari dakartza. Horietako bat da emakumeek batez beste gizonek baino soldata baxuagoa jasotzen dutela, %39 baxuagoa alegia. Horrez gain, emakumeen eskubideen aldeko mugimenduak indarra hartu arren, 2010-2014 urte bitarteko ikerketen datuekin alderatuz, gizartean errotutako pentsaera ez da gehiegi aldatu. Hala ere, herrialdeen artean joera ezberdinak nabari daitezke. Alemanian, Uruguain eta Japonian aurrerapena izan da; aurreiritziak dituzten pertsonen kopurua %15 inguru jaitsi baita. Aldiz, Errusian, Hego Korean eta Txilen ehuneko hori handitu egin da. Gehienetan berriro datuek oso berdintsu jarraitzen dute. NBGPk adierazi du emaitzek lotura zuzena dutela herrialdeetako gobernuekin eta hauek hartzen dituzten erabakiekin. Horregatik, lan erreformak edo guraso baimenei buruzko legeak eragina dute emakumeak gizartean duen paperaren inguruko aurreiritzietan. Ikerketak ondorio negatiboak erakutsi ditu, NBGParen arabera. Emakumeen kontrako aurreiritziak oraindik ere gizartean hain errotuta jarraitzeak gizarte osoan eragina duela eta gizarteak aurrera egitea eragozten duela adierazi du Pedro Conceiçaok, NBGPko giza garapenaren txostenaren bulegoko zuzendariak. Bereziki nabarmendu du emaitzek ere lotura estua dutela emakumeen kontrako indarkeriaren kasuen areagotzearekin. HERRIALDEAKAlemania, Uruguai eta Japonian aurreiritziak dituzten pertsonen kopurua %15 jaitsi da. Errusian, Hego Korean eta Txilen, aldiz, handitu egin da. %39 BAXUAGOAAurreiritziek dakartzaten ondorioen artean emakumeek batez beste gizonek baino soldata baxuagoa izatea dago, %39 baxuagoa.