GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Bere estatus berriari dagokion kontratua lortu du Aitor Elordik

Mallabitarrak 2025era arte luzatu du Asperekin zuen lan hitzarmena eta akordioa gerriko gorriarekin batera estreinatuko du, ostiral honetan, herritarren aurrean, Bizkaia Torneoko lehen kanporaketaren barruan. Aurrelariak ez du lasaitzeko inolako asmorik eta, orain arte bezala, hobetzen jarraitu nahi du.


Txapeldunaren gerriko eta elastiko gorria ez dira Aitor Elordik ostiral honetan, herritarren aurrean, estreinatuko dituen gauza bakarrak. Izan ere, Mallabian jokatuko duen Bizkaia torneoko binakako partida bere kontratu berriarekin jokatuko duen lehena ere izango da, atzo bertan Asperekin sinatutako akordioarekin bat. Pilota munduan ohikoa izaten da Buruz Buruko txapeldunak bere lan hitzarmena hobetzea, baina Aitor Elordiren kasuan, ekainaren 4ko finalean txapela jantzi izan ez balu ere, soldataren igoera ondo merezia zuen, urtebete eskasean bere estatusa goitik behera irauli duelako. Iazko irailean sanmateoetan hirugarren partidak jokatzen ari zen aurrelari bizkaitarra eta gaur egun Binakako eta Buruz Buruko txapelduna da, kaiolan hirugarren izan ostean.

2016an egin zuen debuta Aitor Elordik eta, lehen kontratu berritzearekin zenbait zalantza izan bazituen ere, orain 2025era arte jarraitzea lortu du lortutako akordioak jasotzen duenez. Pilotariak lasaitasuna eta ordain ekonomiko hobea izango ditu eta enpresak herri askotan eskatuko dioten pilotaria bere taldean izatea ziurtatuko du. Esaterako, Buruz Buruko finala jokatu aurretik ere, Elordiren eskaria handia zen eta ez Bizkaian bakarrik, buruz buru txapeldun izan aurretik Ordizian ere mallabitarra nahi baitzuten Santa Ana jaietako estelarrerako.

ESKERTUA

Asperen web orrialdean plazaratutako adierazpenetan, aurrelari bizkaitarra pozarren zegoen akordio berria sinatu ondoren. «Oso pozik nago Fernando Vidartek nigan jarri duen konfiantzagatik. Orain niri dagokit Aspek emango dizkidan aukera berriei etekina ateratzea», adierazi zuen Elordik.

Denbora gutxian bere egoera pertsonalak 180 graduko aldaketa izan badu ere, pilotariak oso argi du zein den bere bide-orria. «Orain arte eman dudan mailari eutsi nahi diot eta baita ahal dudan guztian hobetu ere. Orain ezin naiz erlaxatu, izan ere, Aspeko taldean lehia izugarria da eta onenen artean jarraitu nahi dut», azpimarratu zuen.

Oporraldi labur batzuetatik bueltan, bere bizitzako udarik exijenteenari egin beharko dio orain aurre, egoera berriak presio eta eskakizun berriak ere ekarriko dizkiolako.