AMAIA EREÑAGA
BILBO

Rozalen: «‘Xalbadorren heriotzean’ zubiak eraikitzea bezala izaten ari da»

Fernando Velazquez (Getxo, 1976) konpositore eta zuzendariak BOSekin egin duen «Xalbadorren heriotzean» kantaren bertsioa entzulea hunkitzen duten horietakoa da: sentimendu handikoa, dotorea, leuna. Maria Rozalen (Albacete, 1986) bera hunkitu egin zen atzo, orkestrarekin egin zuen grabazioan eztarrian korapiloa sentitu eta negargura sentitu zuela aitortzeraino. Poza besterik ekarri ez dion euskarazko kanta omen da.

Rozalen urtebetetzea 12an izan zen eta ospatu zuten BOSekin egin zuen grabazioan.
Rozalen urtebetetzea 12an izan zen eta ospatu zuten BOSekin egin zuen grabazioan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

“Matriz” (2022) diskorako Rozalenek egindako “Xalbadorren heriotzean” kantuaren bertsioa erabat akustikoa da, oso hunkigarria, euskara txukunean kantatua. Sekulako arrakasta izan du gurean, sareetan birala bihurtzeraino. Fernando Velazquezen zuzendaritzapean Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin atzo eguerdian grabatu zuen bertsio sinfonikoa desberdina da: «Handiagoa», are hunkigarriagoa agian.

Xabier Letek Xalbador bertsolariaren omenez idatziriko abestia (“Lore bat, zauri bat”, 1978) askok kantatu izan dute. Euskal kulturatik kanpoko gutxik, ordea. «Diskoan grabatuta dagoenak soilik gitarra akustikoa du -aitortu zigun atzo kantautoreak grabaketa bukatu ondoren-. Hasieran hemengo instrumentuak sartu nahi genituen, trikitixa edo txalaparta, baina hain da ederra melodia hau... Izan ere, gertatzen ari zaigu kontzertuetan Andaluziako jendeak zera esaten digula: ‘Niri gustatzen zaidana euskalduna da, eta ez dakit zer esaten duen!’. Gauza batzuk musikatik harago doazelako, eta musikan gauza batzuk ezin direlako azaldu, magikoa delako. Baina jakiten duzunean zer esan nahi duen eta abestia nondik datorren... Gainera, niri disko hau dolu une batean sortu zitzaidan».

Kazetari ugari, kamerak eta mugikorrak. Zarata eta jende dezente BOSeko entsegu gelan, aste honetan zehar grabatzen ari baitira Ura Bere Bidean proiektuaren barneko kantuen bertsio sinfonikoak, gero sareetan zabaldu ahal izateko. Kontzertua BECen izango da urriaren 28an, 20.00etan, eta sarrerak agortuta daude. Dena den, bezperan, urriaren 27an, egingo den entsegu orokorrerako sarrerak salgai jarri dira dagoeneko.

Oso berezia izan zen grabazioa, kantuak barruak mugiarazteko sena baitu berez: dolu eta jai uneetarako balio du; gainera, euskaraz ez dakien kantari baten ahotsean entzutean errespetua eta maitasuna islatzen da.

«Nik ez nekien zein berezia zen kanta -Rozalenek-. Entzun nuen lehen aldian, ‘Maixabel’ filmean, hainbeste hunkitu ninduen... ‘Matriz’ diskoa osatzeko folklorea aztertzen ari nintzen eta Euskadirekiko dudan maitasuna erakutsi nahi nuen, herri honek maitasun handia eman didalako aspalditik. Izugarria izan da, eta, gaur bezala, orkestra batekin abestea ikaragarria izan da, film baten soinu-bandan sartzea bezalakoa izan delako».

ERROETARA ITZULTZEA

“Matriz” diskoa berezia da Rozalenentzat, bere lehen lanaren hamargarren urteurrenean sustraietara itzuli delako, folklorera. “Con derecho a...” (2013) grabatu zuen estudioko lehen lana izan zen; barnean “80 veces” zegoen, kantaria ospetsu bihurtu zuen kanta. “Matriz” diskoan Estatuko hizkuntza desberdinetan kantatzea erabaki zuen: «Kultur aberastasuna eta kolore desberdinak erakustea izan da nire asmoa. Egunotan Bilbon izan naiz eta jendeak geldiarazi egin nau gauza zoragarriak esateko. Egia da, kanta hau maitasun eta errespetu handiarekin egina dago, eta ni pozik nago, hemendik kanpo ere jendeak abesti eder hau ezagut zezan lagundu dudalako».

Aste honetan zehar grabatuko dira Ura Bere Bidean proiektuko gainerako kantak. Guztira 21 artistak hartu dute parte; Francis Doctor Deseo, Delirium Tremens, Gozategi, Rafa Rueda edo Olatz Salvador tartean. Azken honek Rozalenekin batera grabatu zuen atzo ere “Ahots hari” kanta.

Izan ere, Rozaleni ez zaio arrotza euskara: lau bat aldiz grabatu ditu euskarazko kantak; besteak beste, Olatz Salvadorrekin. Nola ikasi zuen letra? Fonetikoki. Arazo nagusia? “Ts”, antza. Guk ez genion inolako arazorik sumatu. Are gehiago, ahoskera dotorea duela esango genuke.

«Nahita edo nahi gabe, kanta hau oso sinbolo polita izan da niretzat. Gainera, ateak ireki eta esan didazue: ‘Ez zara hemengoa, ez dakizu euskaraz, baina kantatzera etorriko zara’, eta izan daiteke, nire ustez, zubiak eraikitzea bezala, denok elkartu gaitezen. Disko honekin planetak lerrokatu direlakoan nago. Ez dakit, bizitzan zerbait ondo egingo nuen, gauza ederrak bizitzen ari naizelako».