GARA Euskal Herriko egunkaria

Geroa Baik Presidenteordetza eta senatari autonomikoa beretzat nahi ditu

PSN eta Geroa Bairen arteko bilera, hilaren 6an. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroako Gobernuko Presidenteordetza eta senatari autonomikoa; bi kargu horiek berarentzako izango diren bermea eskatu zion Geroa Baik PSNri. Horretarako, bi alderdien arteko bilera egitea eskatu zuen Geroa Baik, ondoren Gobernuaren osaeraren negoziazio-prozesuan Zurekin Nafarroarekin bilera egin ahal izateko, elkarrizketa horietan parte hartu duten iturriek GARAri azaldu ziotenez.

Amaitzear dagoen agintaldian bi postu horiek Geroa Bairenak izan dira, Jose Maria Aierdi eta Koldo Martinezenak zehazki. Horiekin batera, Nafarroako Parlamentuko Presidentetza ere Unai Hualderen eskuetan egon da.

Parlamentuko Presidentetza datozen lau urteotan Hualderentzat izateko konpromisoa lortu zuen Geroa Baik PSNren partetik, bi alderdiek egin zuten bilera batean. Zurekin Nafarroak ez zuen akordio horren berri izan, bere hiru botoak Hualde izendatzeko ezinbestekoak badira ere. Azken alderdi hori gabe Geroa Baik eta PSNk ez dute UPN, PP eta Voxek biltzen dituzten hogei hautetsiak gainditzen.

Begoña Alfarok (Zurekin Nafarroa) haserre agertu zen eta Uxue Barkosek (Geroa Bai) hutsegite bat izan zela adierazi zuen.

Asteazkenean, ordea, jokaldia errepikatu zen. Geroa Bairen izenean Maria Solanak PSNri «lehentasunezko bazkidetzat» hartzeko eskatu zion. Hau da, bi alderdi hauen artean negoziazioaren muina adostu nahi dute, ondoren gelditzen dena Zurekin Nafarroarekin negoziatzeko. Alfarok ez du gustuko «lehentasunezko bazkide» esamoldea eta akordioa indar guztiek adostu behar dutela nabarmendu du.