16 JUN. 2023 KOLABORAZIOA «Soilik baietz da baietz», ikastetxeetan ere bai Susana ANDINO eta Ana PEREZ Steilas sindikatuko Idazkaritza Feminista Duela bi aste elkarretaratzeak egin genituen kaleetan berriz. Batetik, Orion izandako hilketa matxistagatik, gizon batek bikotekide ohia zuen emakumea era basatian hil baitzuen, eta, bestetik, Villabonan izandako eraso homofoboa salatzeko -LGTBI+fobiaren aurkako nazioarteko eguna zen aste berean egina-. Horrez gain, hauteskunde autonomikoen eta udal-hauteskundeen egunean, Gasteizen emakume bat hil zutela jakin genuen. Argi dago emakumeen aurkako indarkeriak ez duela etenik. Feministok kaleak hartzen ditugu behin eta berriz, emakumeok, emakume izateagatik, eta sistema zisheteropatriarkal hegemoniko honetako gorputz disidenteok jasaten ditugun eraso sexistak eta matxistak salatzeko. Era berean, salatu egiten dugu hedabide gehienek albiste hauei ematen dieten tratamendua, erasotzaileen «ontasunak» nabarmenduz eta biktimak ikusezin bihurtuz eta erruduntzat joz. Geure buruari galdetzen diogu ea non dauden alderdi politiko batzuk, besteak beste, EAJ-PNV, Sexu Askatasunaren Berme Osoaren Legearen aurka agertu dena -«Soilik baietz da baietz» gisa ezaguna dena-. Ahal Duguk eta EH Bilduk izan ezik, alderdi politikoek bi gai hauek baizik ez dituzte nabarmendu: zigorrak berrikustea eta erasotzaileak kartzelatik ateratzea. Hala ere, datuak oso esanguratsuak dira: EAEn 62 kasu berrikusi dira, eta zortzi erasotzaile atera dira espetxetik, zigorra amaitzear zutela. Borroka ideologiko -erabat polarizatu- honen erdian, alderdi politiko batzuek zigor-eremura desbideratu dute eztabaida, eta legearen funtsezko elementu batzuk alde batera utzi dituzte, legeak erantzuna eman nahi baitie zigorgabetasunik ezaren eskaerei eta emakumeen sexu-askatasunaren aurkako abusuak desagerrarazteari. Horixe da, izan ere, lege honen xedea, prebentzioa, laguntza eta aholkularitza juridikoa, biktimek eta, oro har, emakume guztiek eskatzen dutenarekin bat etorriz. Pompeu Fabra Unibertsitateko Zigor Zuzenbideko eta Kriminologiako katedradun eta UPV/EHUko Honoris Causa doktore Elena Larraurik dioen bezala, lege honen xedea da emakumeek beren kontakizuna balidatzeko duten premia, hau da, justizia beren alde jar dadin anbiguotasunik gabe, aholkularitza juridikoa, laguntza eta ordaina eskain diezazkien, zigorren gehikuntzarekin nahitaez lotu gabe. Hala ere, eta adituen ahotsari entzungor eginez, eskuineko politikariek erasotzaileei zigor handiagoak jartzea eskatzen dute, eta, aldi berean, hezkuntza-komunitateari dei egiten diote ikasgeletatik lan egin dezan jokabide matxistak desagerrarazteko. Dena egin dezakeen eskola nahi dute berriz, baina baliabide aski eman gabe. Ikus dezagun adibide bat: Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak 2023/24 ikasturterako ezabatu egin du Bizikidetza eta Hezkidetza Plana, EAEko ikastetxe gehienek bertan parte hartu eta parte hartzen badute ere. Lehendik ere, plan horren arduradunentzako aintzatespena eta ordu-kreditua aski ez zela uste genuen; baina orain guztiz arduragabea iruditzen zaigu programa hau ikastetxeen esku uztea eta ikastetxeek berek erabakitzea zein plan edo proiektu egingo duten. Gainera, BeA figura berriak koordinatuko du Berrikuntza Pedagogikoari dagokion guztia. Azken hamarkadetan, Steilaseko Idazkaritza Feministak behin eta berriz aldarrikatu du pedagogia feministan trebatutako profesionalak edukitzea, gazte-gaztetatik berdintasunean oinarritutako ikastetxeen alde lan egiteko, era guztietako indarkeria matxistarik gabe, pertsona guztientzat seguruagoak eta askeagoak izango diren espazioak lortzea helburu. Delitu sexisten eta sexualen prebentzioan lan egiteko profesionalak behar dira, eta ez delitu horien zigorrak handitu behin delituak egin ondoren. Ikastetxeei hezkuntza-politika feministak lortzeko inplikazioa eskatzen badiegu, beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak jarri behar dira. Bestela ez dugu aurrera egingo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, eta hori oinarrizko helburua da egiturazko desberdintasuna eta sexuagatiko diskriminazio-mota guztiak ezabatzeko, emakumeen aurkako indarkeria matxista iraunkorrak ere bai. Ikastetxeei hezkuntza-politika feministak lortzeko inplikazioa eskatzen badiegu, beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak jarri behar dira. Bestela ez dugu aurrera egingo