GARA
KHARTUM

Sudanen militarren arteko gerra hirugarren hilabetean sartu da

Jeneral aurkarien arteko gerra hirugarren hilabetean sartu zen atzo. Sudango Armadaren hegazkinek herrialdeko hegoaldeko hiri bat bonbardatu zuten lehen aldiz. Armada erregularrak paramilitarrei leporatu die Darfurren gobernadore bat «bahitu eta hil» izana.

Gerrako biktimak lurperatzen, Khartum hiriburuan.
Gerrako biktimak lurperatzen, Khartum hiriburuan. (AFP)

Aireko Armadak lehen aldiz aire erasoak egin zituen atzo Khartum hiriburutik 350 kilometro hegoaldera dagoen El-Obeiden, FSRko indar paramilitarrek borrokak duela bi hilabete hasi zirenetik inguratuta duten hirian.

Aldi berean, Sudango Armadak Khamis Abdala Abakar Mendebaldeko Darfur estatuko gobernadorea «bahitu eta hil» izana leporatu die FSRei.

Paramilitarrek ukatu egin dute hilketan inolako erantzukizunik eta "bi gaizkileri" egotzi diete, Sudan mendebaldeko estatuan «tribuen arteko indarkeria eta lehia» dela eta.

Borrokak apirilaren 15ean hasi ziren, eta orain arte Khartumen, 5 milioi biztanleko hiriburuan, eta mendebaldeko Darfur eskualde zabalean izan dira liskarrik gogorrenak.

Abdel Fattah al-Burhane Armadako jeneralaren eta Mohamed Hamdane Daglo FSRko paramilitarren jeneralaren arteko gerra honek 1.800 hildako baino gehiago eragin ditu.

2,2 milioi pertsonak baino gehiagok ihes egin dute etxetik Khartum hiriburuan. Horietatik 528.000 baino gehiago inguruko herrialdeetan babestu dira.

Ihes egin ez duten zibilek ez dute «ez janaririk, ez urik, ez botikarik», salatu du Ahmed Taha izeneko bizilagunak.

Ez daukagu ezer. Herrialdea suntsituta dago. Edonora begiratuta ere, bonben eta balen inpaktuak ikusten dituzu», gaineratu du.

Hainbat astez, Saudi Arabiak eta AEBk bitartekari lanak egin dituzte bi aldeen arteko negoziazioetan, Saudi Arabiako Jidda hirian, su-etena lortzeko asmoz. Baina iragarritako su-eten ugariak ez dira ia inoiz bete, eta laguntza humanitarioa blokeatuta egon da edo kopuru oso eskasean iritsi da zibilengana.

Munduko herrialderik pobreenetako bat da Sudan eta 45 milioi biztanleetatik 25 milioi bizirik irauteko laguntza humanitarioaren menpe daude. Osasun erakundeen %20k bakarrik funtzionatzen dute egun hiriburuan.

Auzoak urik gabe daude, eta argindarra astean pare bat orduz dabil bakarrik.

Darfurreko egoera oso larria da. El-Geneina, Mendebaldeko Darfurreko hiriburua, hondamendi gune bihurtu da.

Bertakoek krimen humanitarioak salatu dituzte eta setio eta erasoetan 1.000 pertsonatik gora hil direla salatu dute.

Darfur 2000ko hamarkadan suntsitua izan zen 300.000 hildako eta 2,5 milioi desplazatu eragin zituen gerra zibil baten ondorioz. Armada eta paramilitarrak Darfurren trebatu ziren elkarlanean eta orain elkarren aurka gerra Sudan osora hedatu dute.