Zuriñe IGLESIAS SARASOLA

UDA HASTEAR DA; IRITSI DA EGINDAKO LANARI DISTIRA ATERATZEKO MOMENTUA

Abian da arraun denboraldia ETE eta KAE 1 ligako taldeentzat. Gaur (15.15etik aurrera) jokatuko dute lehen estropada Donibane Lohizunen, eta bihar (11.30etik aurrera), bigarrena, Pasai San Pedron. Bi bandera egongo dira jokoan. Beñat Urchegi Lapurdiko arraunlaria eta Eider Goikoetxea Hernanikoa ligari begira jarri dira.

Ezkerreko irudian Lapurdiko trainerua Gipuzkoako Txapelketan lehiatzen, eta eskuineko irudian, Hernaniko ontzia neguan jokatu zuten estropada batean.
Ezkerreko irudian Lapurdiko trainerua Gipuzkoako Txapelketan lehiatzen, eta eskuineko irudian, Hernaniko ontzia neguan jokatu zuten estropada batean. (Gorka RUBIO | FOKUEider GOIKOETXEA)

Udaberria amaitzear da eta uda hastear. Arraunlariek uda izan ohi dute gogoko, negua baino. Orain arte lan zikina egin dute eta, orain, iritsi da egindakoari distira ateratzeko momentua. Gaur eta bihar jokatuko dituzte sasoiko lehen estropadak ETE eta KAE 1 ligako arraunlariek. Lehena, Donibane Lohizunen -emakumezkoak 15.15ean eta gizonezkoak 15.45ean-, eta bigarrena, Pasai San Pedron -11.30ean hasiko dira emakumezkoak eta ondoren, gizonezkoak-. KAE 1 ligan traineru hauek ariko dira: Arkote, Busturialdea Urdaibai, Camargo, Deustu, Hondarribia, Lapurdi, Pedreña, San Juan, San Pedro, Castro, Zarautz eta Zumaia; eta ETEn, beste hauek: Astillero, Deustu, Hernani, Kaiku, Ondarroa, Portugalete, Zarautz eta Zumaiako.

Batetik, Beñat Urchegi (Azkaine, 1993) Lapurdiko arraunlariak gaur etxean egingo du arraun. Iparraldeko traineruak iaz lortu zuen KAE 2 ligatik KAE 1era igotzea. Bestetik, Eider Goikoetxea (Hernani, 2005) Hernaniko arraunlariak adierazi du «gorabehera» asko izan dituztela neguan, trainerua osatu ezinik ibili direlako. Iaz lortutako zazpigarren postua hobetu nahi dute. ETE ligan aurten zortzi ontzi lehiatuko dira -iaz bederatzi ziren-.

«ILUSIOA SORTU» DU LAPURDIK

Lapurdiko Arraun Elkarteak iaz koska bat gora egin zuen KAE 1 ligarako igoera lortuta, eta aurten beste bat igo nahi dute: «Ohorezko txandan egon eta banderen lehian ibili». Urchegi Lapurdiko arraunlariak esan du oso aldaketa gutxi egon direla multzoan -hiru arraunlari itzuli dira taldera, eta beste bi etorri dira-. Jaitsieretan emaitza onak lortu dituzte, KAE 1eko lehen traineruetan egonda, eta batzuetan ACTko batzuei irabaziz. Gipuzkoko Txapelketan hirugarren postuan geratu ziren; aurretik Hondarribia eta Donostiarra sailkatu ziren, eta horrek txartela eman zien Euskadikorako. Asteburu hura «historikoa» izan zen Lapurdirentzat, haien estreinako aldia izan baitzen Euskadikoan-zazpigarren geratu ziren-.

Iparraldeko traineruak neguan izan dituen emaitzak ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula, eta, neurri batean, entrenatzaile aldaketak izango zuen eragina. Joseba Fernandez fitxatu zuen Lapurdik, eta, entrenatzeko garaian zerbait aldatu ote duten galdetuta, Urchegik adierazi du bereziki uretako teknika landu dutela: «Antzeko programaketa dugu, aldatu dena da uretako teknika. Argiki esplikatu digu zer nahi zuen, zer arraunkera nahi zuen guk egitea, eta horrelako detaileak, ziabogak eta itsasoko teknikak landuz, pixka bat maila igotzea lortu dugu».

Gaur eta bihar jokatuko diren estropadei begira, «ilusio handia» dute Lapurdikoek, bereziki Donibane Lohizunekoari begira. «Beti da berezia etxean estropada jokatzea. Gainera, emaitza onak lortu ditugunez, jendea ilusionatu da pixka bat. Ilusioa sortu dugu eta, ahal dela, bandera irabazi nahi dugu». Ilusioa piztu nahi dute Iparraldean, ez baitago Hegoaldean bezainbesteko afizioa estropadekiko. «Hemen ez dugu oraindik Hegoaldeko afizioa eta jendeak ez du oraindik ohitura estropadara mugitzeko, baina pentsatzen dut denbora ederra denez, jendea hurbilduko dela», nabarmendu du Urchegik.

Estropadaren inguruan, azkaindarrak esan du bi pasaitarrak oso lehiakor ikusten dituela; San Juan eta San Pedro, alegia. «Nire ustez, estropada luzea izanen da bandera irabazteko».

HERNANIK, «SUSTOREN BAT EMAN»

Negua «gogorra» izan da Hernanirentzat, «jende gutxirekin ibili» direlako, eta maiatzean hasi zutelako traineruko prestaketa. «Ez dugu osatu taldea maiatza arte. Urtarrilean galdetu ziguten ea jarraituko genuen, nahiko beltza zelako etorkizuna. Arraunlariok erabaki genuen jarraitzea, gogotsu ginela arraun egiteko», adierazi du Goikoetxeak.

ETE ligari begira, nolako liga aurreikusten duen galdetuta, arraunlariak nabarmendu du «gogotsu» daudela aurten Zarautzi «aurrea hartzeko» -zarauztarrek iaz seigarren amaitu zuten-: «Lehengo urtean Zarautzekin hasitako lehiak uste dut aurten aurrera jarraituko duela. Han lehengo urteko taldekide batzuk ditugu eta, beraiekin harreman ona izan arren, lehia estu hori dugu». Liga «gogorra» izango dela uste du hernaniarrak, azken estropadetan ikusi delako ontzi batzuk «indartsu» lehiatu direla. Beren aldetik, saiatuko dira «denei aurre egiten, behetik hasten eta goraka egiten. Espero dut sustoren bat ematea».

Aurten ETE ligatik bi traineru igo dira Euskotrenera. Goikoetxeari «poza» ematen dio goian zortzi traineru ikusteak, baina horrek haiengan eragin «handia» du: «Lehengo urtean bederatzi izatetik aurten gutxiago geratu gara eta eskerrak Kaikuk ontzia atera duen. Pozgarria da goian zortzi egotea, nahiz eta gurean gutxiago izan». Haren ustez, ETEn ontzi «gutxi» izan arren, «lehiakortasuna» egongo da, eta adierazi du hori «ikusi» dela azken estropadetan: «Gipuzkoan ikusi da ETE ligan ere lehia badagoela».