Andoni ARABAOLAZA
ERRONKA BEREZIA

7a mailako 100 bloke egun bateko jardunean Fontainebleauko basoan

Hugo Parmentier frantziarra eta Seb Berthe belgikarra izan dira protagonistak. Sektore batetik bestera joateko bitarteko garbiak erabili dituzte; hots, korrika, oinez eta bizikletan.

Fontainebleau munduko boulderreko inguru onenetarikoa zein ospetsuenetarikoa da. Eskuarki, Frantziako baso horretako makina bat sektoretatik goi mailako jardunak iristen zaizkigu. Ia gehienak muturreko zailtasunarekin lotuta daude.

Baina joan den hilabetean jaso genuenak kutsu oso berezia du. Oso-oso ezberdina da; izan ere, “maratoi” batekin harreman zuzena du. Hugo Parmentier frantziarra eta Seb Berthe belgikarra, muturreko maila alde batera utzita, bidaia oso erakargarrian murgildu ziren. Eta biribildu ere egin zuten. Bi eskalatzaileok 7a zailtasuneko 100 bloke sinatu zituzten egun bateko jardunean. Eta bloke zein sektore batetik bestera joateko bitarteko garbiak erabili zituzten. Hots, hori guztia oinez, korrika eta bizikletan egin zuten: «Autorik ez genuen erabili nahi izan; erabat baztertuta genuen. CO2 isuririk ez; horixe zen geure leloa. Izaera horretako antzeko helburuak ikusi ditugu gure ingurumarian. Badakigu eskalatzaile ia gehienek ez dutela Fontainebleau etxetik hurbil, eta, hortaz, autoa erabiltzen dute. Wide Boyz taldeko kide batzuek jarrera bera izan zuten iaz Peak Disctric-en ‘The Classic Rock Around’ proiektua egin zutenean. Uste dugu datozen urteotan joera horrek indarra hartuko duela».

Erronka hori Rocher Canon sektorean hasi zuten goizeko 4.30ean. Denera, 70 kilometro bizikletan L’Elephant sektorean, xede hori 22.00ak aldera amaitu arte. Gauerdian etxean ziren.

Berthek aurreratu duenez, pisukideen arteko hizketaldi batetik sortu zen helburua: «Fontainebleauko lagunen esperientziak indartu zuen asmo hori. Hasieran, gure asmoa omenaldi bat egitea zen; izan ere, duela 70 urte basoko lehen 7a egin zen: ‘La Joker’. Hortaz, 70x7a egin nahi genuen egun batean. Sei aste pasatu genituen xede hori aztertzen, antolatzen eta blokeak aukeratzen. Bidaiari neurria hartzeko, 7a eta 7a+ mailako bloke batzuk sei orduz eskalatzen ibili ginen, eta ohartu ere ehun eskalatzeko aukera genuela».

Bi protagonistok egun biribila izan zuten; horretan ez dago zalantzarik. Maila horretako bloke klasikoenak eta ederrenetarikoak aukeratu zituzten. Erritmo bikaina zeramaten eta, erronkaren arrakasta gertu ikusi zutenez, gogor estutu zuten. Azkenenean, 70 izan ordez, 100 bloke igo zituzten: «Barre zein oihu egin genuen, izerdi franko bota ere; borroka gogorra izan zen… Finean, bidaia ultra-sendoa partekatu genuen. Astebetera, oraindik ere nekearekin eta geure hatzetako azalekin borrokatzen ari gara».

Parmentier eta Berthek ehun bloke horiek igo ahal izateko, 139 ekinaldi behar izan zituzten. Biak ala biak goi mailako eskalatzaileak dira, muturreko zailtasunean maiz ikusten ditugu, baina adierazi dute, 7a eta 7a+ mailen artean ibili badira ere, bloke batzuetan gogor estutu behar izan zutela. Belgikarrak dio hainbat blokek zalantzak sortu zizkietela. Batzuk fisikoak dira eta beste batzuk, oso teknikoak. Horietako batzuk honako hauek izan ziren: “Excalibur” (7a+), Bull dog” (7a+) eta “La medaille en chocolat” (7a).

Horri lotuta, Berthek onartu du jarduera osoa estresagarria izan zela: «Bloke batzuk ezagutzen genituen, baina beste asko ez, eta horregatik flash-ean edo bistan eskalatu genituen. Horrez gain, kontuan hartu behar genuen egun-argiak 17 ordu zituela. Horregatik bloke horietan oso zehatzak izan behar ginen; hots, ahalik eta saialdi gutxien egin behar genituen. Egun zorrotza izan zen, batez ere bloke teknikoenetan».

ERAGINKORTASUNA

Aurreratu dugun bezala, CO2-ren isuria baztertu ahal izateko, “bidaia” oinez, korrika eta bizikletan egin zuten. Trois Pignons eta L’Elephant sektoreak lotzeko trantsizioa gogorrena izan zen. Luzeena zein nekagarriena: «Aktibitatearen azken orduak ziren, eta ordurako oso nekatuta geunden. Alabaina, alde batetik bestera eginiko aldaketa horiek oso lasaigarriak izan ziren, batez ere gorputzaren goiko ataletarako. Horrez gain, une oso egokia zen hitz egiteko, jateko, edateko eta esperientziaren pasarte batzuk partekatzeko. Bizikletan 70 kilometro izan ziren, eta blokeen artean ziztu bizian ibili ginen».

Izaera horretako helburu bat prestatzeko estrategiaren ertz guztiak bikain zehaztu behar dira. Eta lan horretan ordu asko egin zituzten. Berthek adierazi du zirkuitu guztia antolatzea eta blokeen zerrenda aukeratzea eromena izan zela: «Basoak dituen txokoak eta haien baitan dauden bloke ezkutuak deskubritzen jardun genuen. Arazo handi bat izan zen gai horri aurre egitea; besteak beste, 7a eta 7a+ maila dituzten ehunka bloke daudelako. Fontainebleaun geundenez, gure asmo nagusi bat zen estilo aldetik bloke ezberdinak aukeratzea. Jakina, klasikoak gure zerrendan zeuden. Uste dugu ederrak eta ikusgarriak eskalatu ditugula: zeharkaldiak, ertz zorrotzak, eroria dutenak, dinamikoak… Zerrenda horretan bloke onenak kokatu nahi genituen. Gogorrak ala ez; berdin zioen. Itsaspenarekin lotura zuten blokeak bero handien egiten zuen orduan saihestea zen helburu nagusia».

Eskalatzaileok esan dute bloke guztietan elkarrekin eskalatu zutela, eta haien inguruan soilik Jeromen Tanon eta Cyril Salomon kamerariak zeudela irudiak grabatzeko; hots, proiektua dokumental batean jasoko duten kamerariak. Horrez gain, egun luze horretan hainbat lagunen laguntza puntuala jaso zuten: «Soline, Tess, Elise, Zoe, Helen, Manon Floret… Kide horiekin guztiekin hainbat bloketan bat egin genuen. Oso eskertuta gaude haiekin; izan ere, ura, kafea, jatekoa… eman ziguten».

Proiektu horretan ahalik eta eraginkorrak izateko, frantziarrak eta belgikarrak ondo baino hobeto aztertu zituzten aurrez aurre izango zituzten blokeak: «Bloke bakoitza Bleau.info webguneak dituen bideoak ikusi genituen. Bloke guztiak memorizatzea zaila zen, baina, bederen, bideo horiei esker ez ginen hain galduta ibili. Bloke eta zirkuitu horien erdia eskalatuta edo ikusita genuen. Erronka handia izan zen basoak dituen 7a mailako blokeak aukeratzea; lan eskerga eskatu zigun!».

Amaitzeko, eskalatu dituzten 7a mailako ehun bloke horietatik, protagonista bakoitzak hiru aukeratu ditu. Parmentierrenak honako hauek dira: «Lehena ‘Grains de Poussiere’da; hots, aldapan dagoen 7a zailtasuneko zeharkaldi ikaragarria zein perfektua. ‘Arcano’ (7a+) da bigarrena: garaia, eroriko txarra eta helduleku asko dituena. ‘L´oeil du cyclone’ da azkena. Bloke horrek arroka eta helduleku perfektuak ditu. Boulderreko lehietan ekipatzen direnekin antz handia du».

Berthek bere aldetik dio zaila egiten zaiola hiru bloke aukeratzea, besteak beste, igo zituzten guztiak ederrak direlako: «Hiru aukeratu behar ditudanez, lehenik eta behin, ‘La Diagonale’ (7a+) aipatuko nuke. Bloke hori egunaren amaieran igo nuen; une oso intentsoa izan zen. Gogor borrokatu behar izan genuen; elkarri lagundu eta biribiltzea lortu genuen! ‘L’angle ben’s’ (7a+) da bigarrena. Gogorra, ederra eta klasikoa da. Eta azkenik, ‘Le bond de l´hippopotame’ (7a). Garaiera handia du eta dinamiko gogorra egin behar da; gainera, eroriko txarra du. Une berezia bizi izan genuen bloke horretan. Sektorean eskalatzaile asko zeuden, eta gure erronka ezagutu zutenean animatu egin gintuzten».