EDITORIALA

25 urtez dogmari eutsita eta helburua nekez beteta

Europako Banku Zentralak (EBZ) 25 urte bete berri ditu. Europar Batasunaren diru politika kudeatzeko sortu zen eta haren helburu nagusia eurogunearen egonkortasuna da; zehatzago esateko, inflazioari %2tik gertu eustea. EBZk, halaber, finantza sistema egonkorra izan dadin eta banku sektorearen zaintzan laguntzen du. 2008ko krisian, Troikako kide gisa, Nazioarteko Diru Funtsarekin eta Europako Batzordearekin batera, finantza sistema egonkortu zuen, besteak beste bankuei milioika euro mailegatuz -eta horrekin batera, estatuak areago zorpetuz- eta zenbait herrialderi neurri zorrotzak ezarriz. Grezia, esaterako, guztiz pobretuta utziz salbatu zuen.

Erakunde horren inguruko erreportajean, Isidro Esnaolak euroaren eta EBZren ibilbidea eta erakunde horren helburuak parez pare jarri ditu, ondorio argi bat nabarmenduta: kudeaketa hori ez da distiratsua izan, ez inflazioari dagokionez, ez 2008ko krisiaren ondorioak gainditzeari dagokionez. EBZ zenbait aditu independentek zuzendua da, eta zuzendari horien izaerak eztabaida publikotik eta edozein kontrol demokratikotatik kanpo jartzen ditu euren erabakiak; hala ere, erabaki horiek, bai prezioen, bai finantzen egonkortasunei dagokienez, izaera politikoa dute. Ideia bati atxikia segitzen du, sarritan ideia horren araberako erabakiak okerrak izan direla ikusita ere. Interes tipo altuek inflazioari behera eta tipo baxuek gora eginarazten diotela dioen teoria dogmatzat hartu du, 25 urteko ibilbideak ia kontrako efektua izan duela erakutsi badu ere. Aurtengo tipo igoera etengabeek ere ez dute lortu inflazioa %6tik jaistea; hipotekadun familiak, ordea, tipoen igoeraren ondorio latza jasaten ari dira.

EBZren 25. urteurrenean, haren presidente Christine Lagardek esan du euroak egonkortasuna, subiranotasuna eta elkartasuna eskaintzen dizkiela europarrei. Euroak eta EBZk europarrei 25 urteotan eskaini dizkieten egonkortasuna, subiranotasuna eta elkartasuna ikusita, ez litzateke txarra izango ahalmen eta eskubide horiek kudeatzaile onaren eskuetan dauden berraztertzea. Lehenik, haren kudeaketa irizpide demokratikoekin bat ote datorren.