GARA Euskal Herriko egunkaria

Ikuspegi artifiziala


Azkenaldian surf mundua astintzen duten albisteak olatu artifizialei lotuak dira. Izan ere, klima aldaketa eragiten dugun gizakiok ez dugu ikasi nahi. Nahiago dugu planeta suntsitzen jarraitu eta tarteka hondartzan plastikoak biltzeko ekimen hutsalak antolatu, ganoraz jokatu baino. Zer da ganoraz jokatzea? Ezin denean ezin dela onartzea. Itsasoak olaturik ematen ez badu, ez dago olaturik eta kito. Eta olatuak daudenean, gozatu, baina ez dezagun mundua eraldatu gure kapritxoen arabera, une bat iritsi baita non ezinbestekoak diren gauzak eta oinarrizkoak ez direnak bereizteko gai ez garen. Eta gauza bera gertatzen da eskubideekin ere.

Berriki olatuak sortzen dituzten bi igerilekuren irekiera iragarri dute; bata Europako handiena izango omen da eta bestea, munduko handiena; lehena Madrilen izango da eta bestea, Abu Dhabin, Arabiar Emirerri Batuetako hiriburuan.

Madrileko “Ciudad del Deporte” egitasmoaren baitan egin nahi dituzten hondartza eta olatu artifizialak bi urteren buruan egongo lirateke erabilgarri eta sustatzaile nagusietako bat Atletico Madril da. Igerilekuaren eraikuntza, ostera, eraikin nagusia Aizarnazabalen duen Wavegarden enpresaren esku legoke.

«Munduko olatu artifizial handiena» eraikitzeko erabiliko den sistema Kelly Slaterren igerilekukoa da eta jada sinatu omen du WSL erakundeak Arabiar Emirerri Batuetako hiriburuan tubo artifizial handienak sortzeko proiektuaren lizentzia. WSLk ez du oraindik ezer baieztatu, arabiarrek zabaldu dute egitasmo erraldoiaren berria. Zabaldu diren informazioak egiazkoak badira, olatu artifizialen munduko igerileku handiena Persiar Golkoaren hego-ekialdean dagoen “T” formako uharte famatuan eraikiko dute eta 2024ko CT itzuliko txapelketa bat ere bertan egingo omen da, aurten amaituko baitituzte lanak.

Ikusiko dugu batean zein bestean zer gertatuko den, egitasmo hauek gauzatzen diren edo ez, eta zenbat irauten duten, baina gauza bat ziurra da: olatu artifizialen aldekoen gosea asegaitza izango da beti, guztia kontsumitu daitekeen zerbait bezala ikusten dutelako. Soilik muturreko hondamendi naturalek jartzen dute halako ikuspegia duena dagokion lekuan, eta hori ere iritsiko da, lurraren berotze efektuaren ondorioetako bat, hain zuzen, muturreko fenomeno klimatikoak ugaritzea izango baita.