Andoni ARABAOLAZA
MENDI LASTERKETAK

Bi euskal herritar nazioarteko podiumean

Asteburu oparoa izan da mendiko euskal korrikalarientzat Madeirako hitzorduan. Portugalgo uharte horrek ISF erakundeak antolatutako Skyrunner World Series zirkuituaren laugarren proba jaso du. Euskal ordezkarien artean, oro har, Euskal Mendizale Federazioaren selekzioa izan zen ordezkari gehien aurkeztu zuena. Alabaina, Merrell taldearekin korritzen duen Oihana Azkorbebeitia gai izan zen postu onena erdiesteko. Bigarrena izan zen, eta haren atzetik euskal selekzioko kide Ainara Urrutia sailkatu zen.

Madeirakoak ibilbide berria izan zuen. Denera, 35 kilometro eta 3.500 metroko desnibel positiboa zituen ibilbide gogorra eta ikusgarria. Emma Cook kanadarrak erabateko nagusitasuna erakutsi eta aise gailendu zen. Lasterketa osoa goitik behera menderatu zuen, eta helmuga puntuan lehena izan zen 6:12:17 denborarekin. 13 minutura Azkorbebeitia helmugaratu zen. Abadiñarrak onartu du kosta egin zitzaiola erritmoa hartzea, batez ere lasterketaren lehen zatian. Bigarrenean, aldiz, hobeto jardun zuen eta berriz ere bizkaitarra podiumera igo zen, bigarren koskara. Urrutia ere bikain aritu zen, eta irabazlearengandik 17 minutura heldu zen.

Aretxabaletako korrikalaria zirkuitu ederra osatzen ari da. Larraitz Aragonek ere Top 10ean sailkatzeko aukera izan zuen, zazpigarrena izanda.

Mutiletan, zirkuituko buru den Antonio Martinezek irabazi zuen Madeiran. Euskal ordezkarien artean Aitor Zunzunegi izan zen azkarrena, zazpigarren. Zortzigarren, berriz, Adur Mendizabal. Lehen hamarren artean sailkatzeagatik, bost euskal korrikalari horiek txartela lortu dute heldu den urrian jokatuko den SkyMasters finalerako.

IZABAN, FESTA

Igandean jokatu zen Camille Extreme lasterketaren hamazazpigarren ekitaldia. Bezperan euria egin zuen, eta 32 kilometro eta 2.000 metroko goranzko desnibela dituen ibilbidea nahiko pisutsu geratu zen. Hori gutxi ez eta, proba hasi aurretik izandako ekaitzak lasterketa ordu erdiz atzeratu zuen. Korrikalarientzat ez zen egun egokiena izan: 585etik 163 erretiratu ziren.

Mutilen kategorian, Iñigo Maciasek iazko arantza kendu zuen. Bigarren postuan sailkatu zen, baina ibilbidean irabazi zuen 3:17:31 denborarekin. Jon Ander Aranburu bigarrena izan zen, eta Asier Alonso, hirugarrena.

Lide Urrestarazu azkarrena izan zen nesken mailan. Ordiziarrak lehen postua sinatu zuen Izabako helmugan 3:52:08 denborarekin. Ainara Alcuaz, bigarren lekuan, hamaika minutura iritsi zen, eta Izaskun Sanz hirugarrena izan zen.