Jennifer ZUPPIROLI
Save the Childreneko Haur Migratzaileen arloko Politika Publikoetan aditua
KOLABORAZIOA

Europa, babesleku norentzat?

Europako Batasuneko Kontseiluak etorkizuneko Migrazioei eta Asiloari buruzko Europako Ituneko neurri batzuen aurrean hartutako jarreraren inguruan albiste etsigarriak izan ditugu berriki, eta aurten, ironikoki, iheslarien eguna bat etorri da albiste horiekin. Uztailean Espainiak hartuko du kontseiluaren lehendakaritza. Iheslarien Estatutuari buruzko Konbentzioa Genevan onartu eta 73 urtera, Europako Batasuneko kide diren herrialdeek, kontseiluak ordezkatuta, beste norabide bat hartzea erabaki dute.

2020. urtetik ari dira negoziatzen Europako Batasuneko herrialdeen arteko etorkizuneko jarduera esparru bateraturako proposamenak migrazioaren kudeaketaren arloan, eta 2024ko Europako hauteskundeak baino lehen argia ikusi ahal izatea espero da; baina proposamen horiek iheslariak geldiarazteko, atxilotzeko eta itzularazteko neurriak hartu dituzte barnean, harrera egiteko, babesteko eta kudeatzeko neurriak hartu ordez.

Itun horretan hartutako erabakiek ondorioak izango dituzte haur iheslarien segurtasunean, zeinak Europan babesa bilatzen dutenen %20 diren. Jada Europan daudenen eta aurrerago ere babes bila etorriko direnen buru osasunean, ongizatean eta etorkizunean eragingo dute. Konpromiso irmo bat hartzeaz gain, erabaki horrek haurrengan zer ondorio izango dituen aintzat hartu behar da. Kontua ez da arazo hau etxera eramatea, baizik eta Europa haur guztientzat segurua izatea, eta ez batzuentzat soilik.

Berriki ikusi dugu haurrak Europako eta estatu kideetako migrazioaren kudeaketaren erdigunean jartzen dituen ikuspegiaren eragina, Ukrainatik ihes egindako pertsonak (gehienak haurrak eta gazteak) hartzeko abian jarritako politikei esker. Lehentasun politikoa haurrei babesa eskaintzea izan da, eta horrek aldaketa garrantzitsua dakar kanpo mugak «babesteko» premian.

Iheslariak mehatxutzat hartzen ez direnean, Europako gobernuek eta erakundeek erakutsi dute lankidetzan jardun dezaketela eta, indarkeriatik eta gatazketatik ihes egin ondoren, laguntza behar duten haurren babesa lehenesten duten estrategiak sor ditzaketela. Babesa eskatu duten ukrainar iheslarien kopurua bikoitza da ia, 2015ean eta 2016an asiloa eskatu zuten iheslariekin alderatuta; urte horietan, izugarri handitu zen iritsitako iheslarien kopurua, eta batik bat Siriatik zetozen. Europak eta estatu kideek, nahi dutenean, ahal dute.

Ziurtatu behar dugu Ukrainatik ihesi zihoazenen premiei erantzuteko hartu diren neurri eraginkorrak iheslari guztientzat eskuragarri izango direla. Gogoratu behar dugu zein den Europako herrialdeok Genevako Konbentzioarekin bat egiteko arrazoi nagusia: «Gizakiek, inolako bereizketarik egin gabe, oinarrizko eskubideak eta askatasunak izan behar dituzte». Europa segurua, guztiontzat.