GARA Euskal Herriko egunkaria

Iriarte: «PP zuritzeko EAJk eta PSEk egindako negoziazioetan ez gara sartuko»

EH Bilduko Gipuzkoako batzarkideak. (FOKU)

EH Bilduko Gipuzkoako batzarkideek beren karguen egiaztagiriak jaso zituzten atzo, eta Maddalen Iriarte ahaldun nagusigaiak adierazi zuen EH Bildu ez dela sartuko «PP zuritzeko EAJk eta PSEk egindako negoziazioetan». Lehendakaritzarako eta lehendakariordetzarako beren burua bozkatuko dutela aurreratu zuen, «herritarrek lurralde honetako lehen indar bilakatu gaituztelako», eta idazkarien hautaketarako Elkarrekin Podemoseko hautagaia babestuko dutela. Ekainaren 23an, ostiral honetan, 10.00etan abiatuko da Gipuzkoako Batzar Nagusiak hautatzeko osoko bilkura.

Akreditazioaren ondorengo adierazpenetan Iriartek nabarmendu zuen koalizio independentistak ez duela «inolako akordiorik» onartu beharrik Batzar Nagusietako lehendakaritzaren inguruan. EAJri eta PSEri erreferentzia eginez, «politikan eskrupuluren bat izatea garrantzitsua» dela adierazi zuen, eta herritarrek politika egiteko modu batzuk jada agortutzat jo dituztela gaineratu zuen.

TRANTSIZIOAK ABIAN

«Berehala eta martxan erantzun beharreko trantsizioak» ahalik azkarren abiatu behar direla ere agertu zuen Iriartek. Trantsizio ekosoziala eta energetikoa, politika feministak, erronka demografikoa, hizkuntza eta kultura... Eta erronka horiei erantzuteko fiskalitate eredu berria behar dela esan zuen, «justuagoa eta progresiboagoa».