J.ORMAZABAL-Z.IGLESIAS
ZUMAIA
PROFILA [ IÑAKI OSA GOIKOETXEA ]

Goikoetxeak erabaki du bere 27 urteko ibilbide arrakastatsuari amaiera ematea

(FOKU)

Zesta punta Euskal Herrian aspaldiko unerik onenetako bat bizitzen ari denean, kirol honetako erreferentzia nagusietako batek, nagusia ez bada, bere 27 urteko ibilbide arrakastatsua amaitutzat ematea erabaki du 43 urte betetzear dela. Herrian bertan, Zumaian, eman zuen atzo erabakiaren berri Iñaki Osa Goikoetxeak. «Nik utziko dut zesta, ez zestak ni»; hori adierazi zuen Goikoetxeak kazetariek galdetu diotenean zergatik utziko dion zestan jokatzeari. Hilabeteak zeramatzan pentsatzen erretiroa hartu ala ez, eta, haren ustez, une «polita» da.

«Fisikoki ondo sentitu naiz orain arte, baina azkenean profesionala izatea eta norberak erabakitzea noiz bukatu nahi duen, uste dut hori baino altxor hoberik ez dagoela. Urteak aurrera doaz eta ez dakizu zer egunetan hartu erretiroa, baina uste dut inportantea dela goi mailan lagatzea pilotan jokatzen», nabarmendu zuen zumaiarrak. Jende asko hurbildu zen Zumaiako Foronda jauregira; kazetariez gain, Goikoetxearen senideak, eta hainbat pilotari izan ziren bertan. Zumaiarrak hitza hartu zuenean, begiek dir-dir egiten zioten, hunkituta zegoen seinale. Winter Serieseko txapelketa izango da azkena, 2024ko otsailean bukatzen dena. Ondoren, aurreratu zuenez, Eraman enpresako kirol arduradun gisa hasiko da lanean. Beraz, zestaren mundutik ez da aldenduko.

Egin duen ibilbideaz mintzatu zen Goikoetxea eta adierazi «pribilegiatu bat» dela «urte hauek guztiak jokatu izanagatik». Oro har, zumaiarrak nabarmendu zuen «oso pozik» dagoela osatu duen ibilbideaz, beti saiatu delako ehuneko ehuna ematen, eta bere asmoa izan delako «ikusleek ondo pasatzea». Profesionaletan debuta Milanen egin zuen, 16 urte zituela, eta urtebete beranduago eman zuen Amerikako Estatu Batuetarako jauzia; Newporten lehenengo, Floridan gero eta amaitzeko Miamin beste 13 denboraldi osatu zituen. Haren hitzetan, Miamin egin ditu bere kirol ibilbideko urterik «onenak», eta han gozatu du gehien: «Miamin pilotari onenak zeuden, eta han jokatzea emozionantea izan zen».

Gorputz sendokoa, indarra, abiadura eta, batez ere, talentua izan dira zumaiarraren dohainik garrantzitsuenak. Palmaresari dagokionez, beste inork lortu ez dituen zifrak batu ditu Goikoetxeak, hamahiru aldiz lortu baitu banakako txapela eta beste zortzitan binakakoa. AEBetan ere bost aldiz eskuratu zuen kinieletako koroa hirukoitza famatua.

BETI LEHIAKOR

Joan-etorri askoren ostean, 36 urterekin Euskal Herrian geratzea erabaki zuen, «herrian hasi eta bukatu» nahi zuelako bere kirol ibilbidea. «Pozgarria da Zumaian jokatzea; familia, lagunak eta jende ezagun asko dago hemen. Espero dut jende asko etortzea eta nirekin batera disfrutatzea». Azken urteetan buruz buruko txapelketan parte hartzeari uko egina bazion ere, orain arte lehiatzen jarraitu du eta maila oso onean, gainera. Urrutiegira joan gabe, azken asteburu honetan Donostiako Grand Slameko txapela jantzi zuen Gorka Sorozabalekin batera, Erik Mendizabal-Del Riori bi setetan gailendu ostean.

Larunbat honetan jokatuko ditu Master Serieseko finalerdiak, Zumaian, Manzirekin batera, Johan eta Del Rioren aurka. Ondoren, beste hainbat frontoitan jokatuko du: Donibane Lohizunen, Pauen, Gernikan, Biarritzen, Hondarribian, Durangon, Madrilen, eta azkenik, bere ibilbidea bukatuko du Winter Series txapelketa jokatzen. Azken partida horiei begira duen helburuaz galdetuta, adierazi zuen ez duela «azken urteetan irabazteko edo galtzeko izan duen presiorik edukiko», eta disfrutatzen eta bere bertsiorik onena ematen saiatuko dela.

Kirol lorpenez harago, antzinako kirol honi haize berriak ekarri dizkionetako bat izan da, duela urte batzuk Red Bull etxearekin sinatutako akordioarekin. Besteak beste, Guinness errekor bat ere hautsi zuen, pilota 313 kilometro/orduko abiaduran jaurtita. Horretarako, enpresa austriarraren boterea baliatu zuen, karbonozko saski bat fabrikatuz. Hala ere, berak zestari egin dion ekarpenaz galdetuta, umiltasun osoz erantzun zuen hori jendeak esan behar duela, eta bera beti saiatu dela «kantxa barruan ahalik ondoen egiten» eta eman dizkioten aukerak aprobetxatzen.