GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Larrazabali zailtzeko aukera eskaintzea izan da Baikoren lehen erantzuna

Udako ardatz izango den Caixabank Masterserako gaztetasunaren aldeko apostua egin du Bilboko enpresak, Jose Javier Zabaletak lagunduta. Peña ere barruan da, Rezustarekin. Deigarria da Mikel Urruikoetxea edo Iñaki Artola kanpoan utzi izana.

Eztei bidaian den Erik Jaka bakarrik falta izan zen atzoko Caixabank Mastersaren aurkezpenean. (Oskar MATXIN_EDESA | FOKU)

Krisi bakoitzarekin aukera bat sortzen dela uste duenik bada. Uste horrekin gaztetasunaren aldeko apustua egin du Baikok, bere erreferentzia nagusi Unai Lasorik gabe aurre egin beharko dion uda honetarako. Mahai gainean bestelako aukerarik ere izan duten arren -Asperen aldetik ere eskaintzaren bat izan da txapelketa orekatuagoa egiteko-, Bilboko enpresako teknikariek nahiago izan dute etxe barrura begiratu, eta honela Iker Larrazabali aukera eskaini diote datozen hilabeteei markoa ezarriko dion Caixabank Mastersean jokatzeko, aurrelarien artean Jakarekin eta Jon Ander Peñarekin batera.

Uztailaren 21ean Urrestillan hasi eta urriaren 1ean Nafarroa Arenan amaituko den lehiaketan enpresa bakoitzak seina pilotari jarriko ditu. Iazko txapeldun Ezkurdia-Mariezkurrena, txapeldunorde Altuna-Imaz, Elordi-Albisu, Jaka-Martija, Peña-Rezusta eta Larrazabal-Zabaleta izango dira bikote titularrak. «Oso pozik nago, lehen aldia baita torneo hau jokatzen dudala. Oso zaila izango da bikote onak daudelako, baina atzean Zabaleta izango dut eta asko lagunduko didala uste dut. Partidak irabazten saiatuko gara», azaldu zuen gazte amurrioarrak atzoko aurkezpenean.

ALBO KALTEAK

Erabaki honek, ordea, albo kalteak ere badakartza eta kaltetutenak Mikel Urrutikoetxea eta Iñaki Artola lirateke, Unai Laso gabe ere, ez dutelako aukerarik izan udan partidarik gehien ziurtatzen dituen torneoan izateko. Igandean Bizkaia torneoan elkarren aurka aritu ziren, aurreko igandean Durangon, baina, sanferminetako lau eta erdikoaz harago, hiriburuetako ferietan bilatu beharko dute euren txokoa onenekin lehiatzeko.

Izan ere, pandemiaren beharrak eraginda sortutako Mastersa erabat errotuta dago udako programazioan, eta Zarauzko eta Lekeitioko hitzordu klasikoak fagozitatu ditu dagoeneko. Bi herri hauetan izango da jaialdirik uda honetan, baina Mastersaren barruan, eta ez feria bezala.

EPEL-eko enpresek uda honetarako prestatu duten bide orria ere aurkeztu zuten, eta sanferminetako torneoa izango da lehen lehiaketa, uztailaren 7tik 14ra. Caixabank Mastersak hartuko dio lekukoa uztailaren 21ean Urrestillan hasita, eta hortik aurrera beste hiriburuetako torneoak eta Mastersa uztartuko dira. Abuztuaren 4tik 8ra Gasteizko Andre Maria Zuriaren feria jokatuko da, 22tik 27ra Bilboko Aste Nagusia -22an Bizkaia torneoko finala izango dela-, Donostia Hiria abuztuaren 29tik irailaren 1era, eta sanmateoak irailaren 15etik 24ra.

Mastersaren azken faseak amaiera emango dio udari. Ligaxkako bikote onenak irailaren 29an jokatuko den finalerdietarako txartela eskuratuko du, azkena kanpoan geratuko da, eta beste laurek play-offa jokatu beharko dute, horietatik hiru sailka daitezen.



Mariezkurrena, jokatzeko moduan

Zorionez, Jon Mariezkurrenak ostiral gauean bizkarraldean hartutako kolpe handia horretantxe geratu da, kolpean, eta Berriozarko atzelariak atzo Bilbon baieztatu zuen datorren ostiralean Barañainen jokatzeko moduan izango dela. Ohetik altxa ezinda, larunbata izan omen zuen egunik txarrena, baina bi egunez buruz behera lo egin behar izan ondoren, pixkanaka osatzen ari da eta, asteartean entrenamendu arin bat ere egiteko modua eduki zuenez, ez du arazorik izango Agirrerekin Ezkurdia-Eskirozen aurka binaka aritzeko.

Kantxetara itzultzeko beste egun batzuk itxaron beharrean izango dena Xabi Tolosa da. Binakako finalerdian izandako zuntz hausturaren ondoren, berez, Anoetakoa igandean itzultzekoa zen Logroñon, Jokin Altunaren aurka, baina atzo enpresari adierazi zion nahiago duela beste pixka bat itxaron, erabat osatu arte.

Printzipioz, ekainaren 29an Mungian jokatzeko moduan egon behar luke, Zabalarekin bikotea osatuz, Elordi edo Elezkano eta Oier Etxeberriaren aurka aritzeko. J.O.