GARA Euskal Herriko egunkaria

Baleak


Txalupen eta tamaina txikiko itsasontzien kontra oldartzen den balea albiste bihurtu zen duela hilabete batzuk. Hasiera batean ez zitzaion zientzialari komunitateari ugaztunaren jokabidea harrigarria iruditu, animalia azkarrak baitira baleak eta babes instintu garatua baitute. Ezusteko ederra hartu zuten, ordea, beste balea batzuk lehen balearen jokabidea imitatzen hasi zirela konturatzean. Luze jo gabe, baleak protagonista zituzten memeak ugaritu ziren. Mezu ekologikoekin eta antikapitalistekin lotzen zituzten ugaztunen balentriak memeek; AEBetan sindikatu mugimenduaren aldeko zirkuluetan zabalduriko meme batean, gizakiei mobilizatzen laguntzeko ikastaroak antolatzeko eskatzen zieten baleei. Denek ez zuten gertaera umorez (itxaropenez?) hartu. Kazeta pare batek giza bizitzaren defentsa sutsua egin zuten, baleak animalia arriskutsuak bihurtu direla eta horregatik kontrolatu (uler bedi akabatu) egin behar direla argudiatuz. Balea baten bizitzak ez du gizaki baten bizitzak bezainbesteko baliorik, alegia. Hala ere, giza bizitzak eta giza bizitzak daude, eta ezin esan, denek balio bera dutenik. Gerratik eta pobreziatik ihes egitearren itsasoan bizia arriskuan jartzen duen migratzaile talde bat itotzen denean, deus gertatu ez balitz bezala jokatzen dute askok. Aldiz, zenbat lerroburu ez ote dituzten eragin ‘‘Titanic’’-a berreskuratzeko operazioan galdutako urpeko ontziak zein Niagara ur-jauzietatik 32 kilometrora iraulitako turisten itsasontziak.