Zuriñe IGLESIAS SARASOLA

ESPAZIO BAT, EZ DUTELAKO ZERTAN «GAZTETAN BAKARRIK IKUSGAI IZAN»

Tximist Cup-ek hirugarrenez antolatu ditu beteranoen arteko partidak «Legends» izenpean. Athleticeko, Añorgako, Oiartzuneko eta Realeko jokalari ohiek parte hartuko dute. Gaur jokatuko dira lehiak Hondarribian, 10.00etan hasita. Eli Ibarrarekin, Marina Agouesekin, Anne Mugarzarekin eta Larraitz Oriorekin mintzatu da GARA.

Iazko Tximist Cupeko partidan, Realeko jokalari ohiak; eskuinean, goian, Marina Agoues, eta haren azpian, Anne Mugarza.
Iazko Tximist Cupeko partidan, Realeko jokalari ohiak; eskuinean, goian, Marina Agoues, eta haren azpian, Anne Mugarza. (TXIMIST CUP)

Pisua baino, zerbait polita da; jokalari ohientzako toki bat da berriro ere elkartzeko, aspaldiko momentuak gogoratzeko, eta futbolean jokatzeko», definizio hori atera da «Legends» hitzetik Eli Ibarraren (Azkoitia, 1981), Anne Mugarzaren (Lezo, 1985), Marina Agouesen (Zarautz, 1992) eta Larraitz Orioren (Donostia, 1990) ahotsak batuta. Orain dela bi urte hasi ziren antolatzen Tximist Cupen Legends partida, eta aurten, Realaz gain, Oiartzunek, Añorgak eta Athleticek jokatuko dute, aurreneko aldiz. Gaur jokatuko dira partida guztiak Hondarribian. Ibarrak Athleticekin jokatuko du, Mugarzak Oiartzunekin, Agouesek Realarekin eta Oriok Añorgarekin. Talde txuri-urdinak eta Añorgak jokatuko dute lehen partida, 10.00etan; bigarrena, segidan, Añorgak eta Oiartzunek, 11.00etan; hirugarrena, Oiartzunek eta zuri-gorriek, 12.00etan; eta azkena, Realak eta Athleticek, 13.00etan.

Zer suposatzen du horrelako lehia bat jokatzeak? «Batetik, zaharra naizela...», esan du barrez Mugarzak. «Mutilek aspalditik dute beteranoen espazio bat, baina neskak orain hasi gara espazio hori hartzen. Garrantzitsua da emakume helduagoak ere ikusgarri izatea, ematen duelako bakarrik gaztetan eta batzuetan garela ikusgai», nabarmendu du Oiartzunekin eta Realarekin lehen mailara igotzea lortu zuen jokalariak. Partidaren inguruan, Agouesek esan du denak elkartzeko «aitzakia bat» dela. Horrez gain, gehitu du berak aurkari izan ez zituen jokalari asko arituko direla, eta berarentzat «haiek bai zirela legendak!». Adibideak jarri ditu: Maite Lizaso, Aintzane Encinas, «Legenda bat da!», Maialen Zelaia... Realeko jokalari ohiarentzako «pribilegio bat da» hor jokatzea.

Bide beretik, Oriok esan du «polita» izango dela, lau taldeetan «legendak» izan diren jokalariak daudelako: Añorgako Ainhoa Bakero, Athleticeko Eli Ibarra, Realeko Marina Agoues...«vieja gloria asko dago».

Gaurko neurketan, Tximist Cupen parte hartu duten neska guztien begiradak izango dituzte. «Txikientzako izango da niretzako Reala Astin jokatzen ikustea bezala», esan du zarauztarrak, eta nabarmendu «poza» ematen duela lau talde horiek berdegunean elkarrekin ikustea, «umeek jakin dezaten, Oiartzun garai batean lehen mailan egon zela, eta Añorga ere talde mitiko bat dela, eta beti izan dela Gipuzkoako harrobia». Era berean, Oriok esan du txikienek ikusiko dutela «adinarekin ere ondo pasatzen eta futbolean disfrutatzen jarrai» dezaketela.

Erreferenteak dira txikienentzat? Ibarra Athleticeko jokalari ohiarentzat hori «oso hitz handia» da: «Gu agian ez gara izango oso erreferenteak, orain dela urte asko hasi ginelako jokatzen». Bide beretik, Mugarzak nabarmendu du beraiek «itzalean» egon direla, telebista sartzen joan zelako haiek jokatzen ari ziren azken urteetan. Hala ere, Oiartzuneko jokalari ohiak adierazi du lehen telebistak ez zuela egun duen «oihartzuna». «Erreferenteak gara futbol munduan ibili direnentzat edo gu baino pixka bat gazteagoentzat, baina ez erreferente gaur egun ulertzen den bezala. Itzalean egon gara, baina orain erreferenteak izateko beste asko ibili dira borrokan», azaldu du Mugarzak.

Agoues Mugarza eta Ibarra baino hamarkada bat gazteagoa da, eta nabarmendu du berarentzat Mugarza eta Ibarra direla erreferenteak, eta berak ez duela bere burua «erreferentetzat» hartzen. Bai, ordea, adibidez, bere belaunaldikoak: Irene [Paredes], Alexia Putellas, Paños, Mapi Leon... Zarauztarraren ustez, horiek dira haurren erreferente nagusiak.

«PROFESIONALIZAZIOA»

Ibarrak, Mugarzak eta Agouesek futbola utzi zutenetik asko aldatu da futbola. Gehien zer? Hirurek argi dute «profesionalizazioa» dela. Eta ez bakarrik ekonomikoa, baldintzak ere bai: «Goizean entrenatzea, elkarrekin gosaltzea, bazkaltzea... Aukera izatea futbolaz bizitzeko, kotizatuz eta guzti». Lezoarrak nabarmendu du haien garaian hori «utopia» bat zela: «Nahiz eta batzuk futbolaz bizi izan diren urte askoan, oso onak zirenak, bukatu zutenean, kotizatu gabe, lan munduan zerotik hasi behar izan zuten...». Realeko, Athleticeko eta Oiartzuneko jokalari ohiek inbidiaz begiratzen diete jokalariei, goizean gosaltzera joan, entrenatu, masajistarengana joan... Zarauztarrak barrez esan du orain ordaindu egingo lukeela futbolean jokatzeagatik. Agouesek nahi baino lehenago utzi zuen futbola, 26 urterekin, belaunak ez ziolako segitzen utzi. Eta oroitzen du justu berak utzi zuenean, orduan, hasi zela gorantz egiten: «2018an hasi zen abiada hartzen, profesionalizatzen, kontratuak beste gauza bat ziren, jendea horretan jarduten zen...». Nahitaez utzi behar izan zuen futbola, eta arantza hori geratu zitzaion zarauztarrari, justu emakumezkoen garai onenean futbola utzi egin behar izan zuelako.

Orioren kasua oso bestelakoa da: sasoi honetan utzi du futbola 15 urtez Añorgako lehen taldean aritu ostean. Donostiarrari galdetuta ea hasi zenetik gaurdaino baldintzak asko aldatu diren, adierazi du asko ezetz eta nahiko berdin jarraitzen dutela. Alegia, bi entrenatzailerekin eta prestatzaile fisiko batekin.

OIARTZUN ETA AÑORGA, BEHERA

Oiartzunek eta Añorgak, Realak eta Athleticek duten errealitatearekin alderatuta, oso egoera desberdina bizi izan dute. Dirua sartzen joan den heinean, baliabide ekonomikorik ez duten klubek beheraka egin dute. «Iritsi zen momentu bat Oiartzunentzako ezinezkoa zela maila horretan lehiatzea. Batetik, baliabide faltagatik, diru faltagatik, eta, bestetik, beste talde batzuk bilakatzen direlako erreferente. Gure garaian Oiartzun eta Añorga ziren eredu. Denborarekin, baina, Reala, Athletic eta Eibar agertzen joan dira, eta jokalari onenak talde horietara joaten dira», azaldu du argiki lezoarrak.

Oiartzunen antzera, Añorga beste horrenbeste. Orio egon den 15 urteetan bigarren mailan egotetik laugarren mailara pasatu dira. Beheranzko joera garbia izan dute. Bi igoera fase jokatu dituzte, eta, azkenerako igotzea lortu ez bazuten ere, donostiarrak nabarmendu du maila horietan egoteko «diru asko» behar zela, eta Añorgak ez zuela dirurik. Orain, harrobi lana egiten dute: «Guretzat harrotasun handia da infantiletan entrenatu dugun ume bat lehen mailan jokatzen ikustea. Amaiur, Nora Sarriegi, Ceci [Cecilia Marcos], Iraia, Nere [Nerea Eizagirre], Ainhoa Vicente, horiekin jokatu dut. Añorga kategoria bat gorago ikustea gustatuko litzaidake, baina dirua dirua da, eta beste gauza bat da jokalariek hori nahi duten edo ez».

Etorkizunari begira, Ibarraren iritziz, «bide onetik» doa emakumezkoen futbola, «oso poliki, baina badoa». Bereziki, nabarmendu du telebista sartzeak ekarri duela zelaien baldintzak hobetzea: «Telebistak ez du ematen gizonezkoetan ematen duen bezainbeste diru, baina horrek egiten du zelai onenetan jokatzea. Orain hamar pertsona daude jarraipen bat egiten; komunikabideak eta argazkilariak zelaian kokatzen, instalazioak ondo daudela bermatzen, argiak ondo enfokatzen duten ikusten... Jarraipen hori egiteak egingo du klub guztiek dena behar bezala izatea».

Beste arlo batetik heldu dio Mugarzak etorkizunari, eta adierazi du «beldurra» ematen diola emakumezkoen futbola gizonezkoena bezalakoa izateak. «Uste dut badagoela beste begirada bat, baina beharrezkoa da begirada horretan jarraitzea, ez bihurtzeko mutilena bihurtu dena; negozioa, ikuskizuna, arrazakeria eta matxismoa erakusten dituena... Emakumezkoen futbolak izan behar du beste zerbait; irekia, feminista... Ikusten dut zer motatako eredu bilakatzen diren futbolariak umeentzat eta ez zait gustatzen. Adi egon behar gara», hausnartu du Oiartzuneko jokalari ohiak.

EMAKUMEZKOAK AGINTE POSTUETAN

Realeko jokalari ohiak nabarmendu du azkeneko bizpahiru urteak onak izan direla, baina jarraitu egin behar dela. «Orain onenean gaude, baina ez gara gelditu behar, lan asko baitago oraindik egiteko. Gero eta jende gehiago ikusten dut inguruan nesken futbola jarraitzen duena. Nik hitz egiten dut futbolariak direnekin, eta ligetan zer apustu egiten ari diren. Apustua badago. Espainiako ligari geratzen zaio, baina bide onean doa». Aurrera joate horretan, ezinbestekoa da emakumezkoak aginte postuetan egotea. Horren harira, Mugarzak azpimarratu du Iraia Iturregiren, Natalia Arroyoren eta Mai Garderen kasuetan, «ondo formatuta» dauden pertsonak direla, «ibilbide handia egin dutenak emakumezkoen futbolean, eta badakitenak zer dagoen».

Horrez gain, Oiartzuneko jokalari ohiak nabarmendu du hori ere badela «eredu matxista bat», «ematen duelako emakumeen taldeetan dakitenak gizonezkoak» direla. «Orain emakumezkoak demostratzen ari dira egin dezaketela hori eta egin dezaketela ondo. Irudi horiek aldatzea ezinbestekoa da».

Zarauztarrak gogora ekarri du Vero Boquete futbolari ohiak esandakoa: «Lehen mutiletan ondo egiten ez zuena neskak entrenatzera bidaltzen zuten, sobrak guretzako zirelako. Eta orain, zorionez, hori aldatzen ari da. Oxala liga bat dena entrenatzaile neskak eta futbolean jokatu dutenak izatea. Iritsiko da, eta ikusiko dugu». Amaitzeko, mezua bidali dio Realari: «Espero dut biharko egunean Realak etxeko norbait hartzea».