Peli LEKUONA

Geroa Baik ez dio aterik ixten hauteskundeak errepikatzeari

Maria Solana Geroa Bairen Kongresurako hautagaia.
Maria Solana Geroa Bairen Kongresurako hautagaia. (J. M. | FOKU)

Geroa Baik Kongresu espainolean izan zuen diputatua (Uxue Barkos izan zen) berreskuratzea du helburu Maria Solanak uztailaren 23ko hauteskundeetan, baina begi bat eta erdi Nafarroako Gobernuaren osaketan izango du. Akordiorik ezean hauteskundeak errepikatzeko aukera aipatu du PSNk, eta ez dio horri biderik itxi jeltzaleak.

Maria Solana Geroa Bairen Kongresurako hautagaia NAIZ Irratian izan zen atzo. Uztailaren 23ko hitzordutik hasita, erronka garbia du hautagaiak, 2019an galdu zuten Kongresuko aulkia berreskuratzea. «Nafarren ahotsa entzun dadin, beste batzuen eskutik ez baita askorik entzun», esan zuen.

Tartean, ordea, Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioetan ari dira eta Maria Chiviteren balizko inbestidura hauteskunde horien ostean izango dela dirudi. «Mehatxua» Ramon Alzorriz PSNko antolakuntza idazkariak aipatutakoa da, alegia, hauteskundeak errepikatzea; bere hitzetan, ordea, «mehatxua euskal herritarrentzat, agian, Maria Chivite edozein preziotan lehendakari egitea» izan daiteke. Hordagoari eutsi eta ez dio hauteskundeak errepikatu beharrari aterik ixten: «Hala izan behar badu, hala izango da».

PSN, «ESKUZABAL»

Bestetik, Maria Chivite PSNko idazkari nagusiak datorren astelehenean, Geroa Bairekin goizean bilera egin ostean, arratsaldean hiruko bilera egitea espero du, baita Contigo Zurekin-ekin ere, Nafarroako Gobernua osatzeko bidean «aurrera egiteko».

«Nik uste dut denok konbentzituta gaudela Gobernu berri baterantz egin behar dugula aurrera, une honetan jardunean dugunaren antzera, programan aurrera egin behar dugula, hiru alderdi politikoentzat lehentasuna duten gaiak zeintzuk diren zehaztu, eta bide horretan aurrera egin behar dugula, eta behar diren urratsak egin behar ditugula, eta ondo egin eta ahalik eta azkarren egin behar dugula», nabarmendu zuen komunikabideen aurrean.

Lehendakari gisa errepikatu nahi duen hautagaiak adierazi zuenez, bere alderdiak «eskuzabala izaten jakin du» eta horren adibidetzat jarri zuen «Parlamentuko presidente izateko asmoetan Geroa Baiko Unai Hualderen alde amore eman izana».

Era berean, «eskuzabala izaten jakin du -esan zuen- aldebiko bilera baten eskaerari amore emanez, baina oso argi daukagu edozein akordio hiru alderdi politikoetatik pasatu behar dela» eta «bakoitza bere pisu espezifikoarekin, herritarrek hori esan dutelako».