GARA
DONOSTIA

Ibrahim, Rava eta Yamashitam, Donostiako Jazzaldia saridunak

Abdulah Ibrahim, EnricoRava eta Yosuke Yamashita jazz musikariek jasoko dituzte aurten Donostia Jazzaldia sariak. Lehena aski ezaguna da gure artean, Donostiako jaialdian bost aldiz egona baita. Uztailaren 21etik 25era, 90 kontzertu eskainiko ditu Jazzaldiak.

Andullah Ibrahim bost aldiz izan da Donostiako Jazzaldian; azkena, 2017an.
Andullah Ibrahim bost aldiz izan da Donostiako Jazzaldian; azkena, 2017an. (Jon URBE | FOKU)

Donostiako Jazzaldia azken prestaketa lanetan sartua da uztailaren 21etik 25era egingo den edizioan ezerk hutsik egin ez dezan eta, atzo, programazio osoa aurkezteaz batera, iragarpen berezi bat ere egin zuten: 58. edizio honetan hiru Donostiako Jazzaldia sari emango ditu jaialdiak, ibilbide luzeko hiru artistaren eskuetara iritsiko direnak: Abdulah Ibrahim, Enrico Rava eta Yosuke Yamashita.

Lehenak ez du aurkezpen handirik behar, ez nazioartean, ezta Donostian ere, bost aldiz parte hartu baitu Jazzaldian, arrakasta handiz betiere. Jaialditik nabarmendu dutenez, Abdulah Ibrahim «jazzaren historia bizia da», Hegoafrikako musikarien belaunaldi bikain baten ikurra. Oholtza gainean 70 urteko ibilbidea du egina Ibrahimek eta nazioartean hainbatetan aitortu diote bere kalitate eta trebetasuna. 58. edizio honetan, uztailaren 23an, igandearekin, eskainiko du kontzertua Trinitate plazan, formatu berezi batean: Abdullah Ibrahim Trio eta Nubya Garcia izango dira oholtzako protagonistak.

RAVA TRONPETARI ORIGINALA

Aurtengo bigarren Donostiako Jazzaldia saria Europan geratuko da: Enrico Rava tronpeta-jotzaile eta konpositore italiarrak jasoko du. Rava 60ko hamarkadan barneratu zen jazz musikan eta bizkor lortu zuen nazioarteko ospea. Dagoeneko sei hamarkada eginak ditu profesional gisa eta, jaialdiko ordezkariek nabarmendu dutenez, hala ere, jazz esparruko «musikaririk aktibo eta urdurienetakoa izaten jarraitzen du, beti proiektu original askotan murgildua, eta tronpetista gailenetakoen artean kokatua». «Bere soinua berehala antzemateko modukoa da, eta bere musika ideia zeharo originalen jario etengabe bat da», goraipatu dute. Uztailaren 24an, astelehena, Fearless Five eta David Helbock’s Austrian Syndicaterekin partekatuko du Trinitateko oholtza.

Eta berriro ere kontinentez aldatuta, Japoniarako bidea hartuko du edizio honetako hirugarren Donostiako Jazzaldia sariak: Asiako artxipelagoko jazzaren historiako figura gailenetakoa den Yosuke Yamashitak jasoko du saria. Jazzaldiko arduradunek nabarmendu dute Japonia «munduko herrialde jazzistikoenetako bat izaten gehien lagundu dutenetako bat» dela Yamashita. 1942an Tokion jaiotako musikariak bere herrialdean ospe handia du eta, horrez gain, bere aparteko estiloari esker mundu mailan garai guztietako jazz pianista onenen artean kokatzen da.

Yamashita bitan ikusi ahalko da 58. edizio honetan: uztailaren 21ean eta 22an, San Telmo museoko oholtzan ariko da, goizeko ordutegian.