GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Oxigeno kontua, denetan


Egia esan ez dakit domekako zutabe horizontal hau irakurtzen duen kristaurik ba ote den euskal planetan, Murgoitioz aparte, jakina! Eta egotekotan, seguruenik, kosta egingo zaio ulertzea, barnealdekoa izanda ere kosta, niri kosta beste edo! Izan ere, gero eta zailagoa egiten zait besteen berbak, hitzak, egoki ulertu, eta gero nire matazara biltzea. Hortaz, azken boladan hamaika bider nago leitzen IA gora eta IA behera ezker abertzale hartaz delakoan, eta bai zera! Lerdo honelakoa! Ez da ari, bada, adimen artifizialaz! Hainbeste aldarrikatu ditxosozko adimen zer hori, ez dakit zergatik ez duten gauzatu instituzio berri batzuetan; auzo-lotsaren parke tematikoak bihur ez daitezen! Adimenean berezkoa urri denean artifizialaren beharra dute batzuek...

Hitzen ulertze kontura bueltatuta! Musu-truk horrena! Azkenean ulertu dut, Durangoko udalburu andere berriak pepeko zinegotzi bakarrari musua ematen islatzen duen argazkia ikusita. Orain bai! Edo Ertzainak berba horrena! Beti zalantzan ibili naiz, zer demontre zaintzen ote duten horiek. Herria? Ez, orduan Hertzainak izango ziren, baina izen hori hartuta zeukan beste banda batek. Ertzak? Izan liteke. Erdiak? Zentro politikoa esate aldera, baliteke. «Erdu» agintera ogibide dutenak ote? Pfff! Eta hara, azkenean ulertu! Errailak zaintzen dutenak dira ertzainak! Gaur lasai hartuko nau loak, amen!

Hau ere kolpea, gero! Ez du, bada, lege-zain togadun batek idatzi ez dagoela zaratarik gabeko protestarik! Garrasi Isila izan zena legez kanpo utziko zuen horrek. Ama! Zarata kontuetan ere arrakala! Justizia deitzea ere! Atlantikoan itsaspeko bosten bila kristoren baliabideak jarri, eta Mediterraneoan jitoan utzi ehunka. Tira, egia esan, kasu honetan ulertzen dut baliabideen desoreka, ehunka horiek ez zuten oxigenoa falta!