Andoni ARABAOLAZA
ERREKORRA

Hillary Gerardi, Mont Blanc-eko historian emakumezko azkarrena

36 urteko estatubatuarrak 29 minutuan ondu du 2018. urtean Emelie Fosberg-ek Alpeetako mendi garaienean eginiko errekorra. Joan-etorri horretan, Gerardik 7 ordu eta 25 minutuko denbora egin du.

Hillary Gerardik urrezko pasarte bat idatzi berri du Mont Blanc-en: hil honen 17an, soilik 7 ordu eta 25 minutu behar izan zituen mendi ikoniko hori igo eta jaisteko. Hortaz, Frantzian bertan bizi den 36 urteko estatubatuarrak errekor berria ezarri du. Hori aski ez, eta 2018. urtean Emelie Fosberg norvegiarrak eginiko denbora ia 30 minutuan hobetu du.

Marka izugarri azkarra da Gerardik egin duena; kontuan hartu behar dugu Chamonix-Mont Blanc-Chamonix lotura egiteko 33 kilometro eta 3.877 metroko goranzko desnibela dituen ibilbidea osatu behar direla. Datu argigarri bat: mendizale xume batek bi egun behar ditu Chamonix eta Alpeetako mendi garaiena lotzeko.

Igoera zein jaitsiera eroak, alpinismoko tresneriaren kudeaketa, gorputza muturrera eramatea… Horiek izan dira jarduera ikusgarri horren eiterik adierazgarrienak. Errekorra lortu nahi duten guztiek bezala, Gerardik ere Chamonixeko St. Michel elizan egin zituen lehen urratsak. 7 ordu eta 25 minutu beranduago, eliza hori eskuarekin ukitu eta helburuari amaiera eman zion. Pareta ukitu, lur jota erori eta emozionatu egin zen. Bitartean, lagun maiteak hurbildu zitzaizkion zoriontzera. Lurretik altxatu zen, eta bost ordu lehenago zapaldutako gailurrari begira jarri zen. Era horretan amaitu zen trail-eko espezialista handiak lortutako arrakastaren ospakizuna.

Aipatu dugu Fosberg-i errekorra kendu diola, baina bada zehaztu behar dugun datu bat: mendiaren baldintzak zirela eta, estatubatuarrak aldaera bat erabili zuen. Serac-en arriskuarengatik, Grands Mulets-eko ibilbideari jarraitu ordez, iparraldeko eta Bosses-eko ertzak lotu zituen. Hainbat sekzio arriskutsutan, Valentine Fabre sokakide izan zuen.

Mont Blanc-eko tontorra zapaltzeko, 5 ordu eta 16 minutu behar izan zituen. Ordurako, ordubeteko atzerapena zeraman Fosberg-en errekorrarekiko. Norvegiarrak, hortaz, igoera azkarrenaren ohoreari eutsi dio emakumezkoen kategorian. Jaitsieran, estatubatuarrak seigarren martxa sartu zuen eta Chamonixera denbora itzelarekin heldu zen. Erritmo azkar horri eutsi ahal izateko, jaitsieran Meg Mackenzie hegoafrikarra ondoan izan zuen.

Alpeetako altuena izateaz gain, Mont Blanc mendia alpinismoaren historiarekin lotuta egon da betidanik. Neurri handi batean horrek guztiak harrapatu zuen lerrootako protagonista: «Alde guztietatik begiratuta, Mont Blanc berezia da oso. Ondo ezagutzen dut ingurumari hori, eta 2020. urtean nire kide Mimmi Kotkak animatu eta bultzatu ninduen errekor horren bila joatera. Horrekin batera, urte berean Servoz herritik (han bizi da) Mont Blanc-era joan-etorria egin nuen. Gustatu zitzaidan, eta xede berrian murgiltzea otu zitzaidan. Ondorengo bi urteetan, helburua aztertzen eta baldintza egokienen zain egon naiz».

BI ZATI EZBERDIN

Mont Blanc-en jardun duenez, kirolariak bi arlo ondo baino hobeto zehaztu eta prestatu behar izan ditu. Alde batetik, entrenamendu fisikoa. Makina bat igoera egin ditu, eta elurretan denbora asko igaro du: «Sekzio horietan korrika egitea ez da batere erosoa, eta ohitu beharra nuen. Baina badago beste arlo garrantzitsu bat: teknika alpinoa. Eskarmentua badut eremu eta eskalada alpinoetan. Baina halere, nire gaitasun batzuk indartu behar izan ditut. Adibidez, kranpoiekin ondo moldatzea. Beste arlo bati ere azpimarra jarriko nioke: logistikari. Ibilbidea ezagutu, baldintzak ulertu, klima aztertu… Bidaiaren zati garrantzitsua izan zen. Alpinismoko tresneriarekin ibili naizenez, hori guztia ondo kudeatu behar izan dut. Aurreko errekorrak lortu dituztenak, adibidez, alpinismoko tresneria ia guztia saihestuta, eta korrika oso arin joan ziren».

Gerardik aipatu du jarduera hori bi zati ezberdinetan banatu zuela. Lehena, mendian korrika egitea; bigarrena, berriz, eskalada alpinoa. Lehenbiziko zati horretan oso azkar eta arin joan zen. Soinean hidratatzeko txaleko bat eta bastoiak zeramatzan. Tarte alpinoak, aldiz, bestelako jantzia eskatu zion: «Mendian istripu bat izan nuenetik, egundoko errespetua diet. Arazoak saihestu ahal izateko, alpinismoko ohiko tresneria erabili nuen: mendiko bota oso-oso arinak, kranpoiak, piolet bat, arnesa, kaskoa, glaziarrak zeharkatzeko kit-a… Mont Blanc mendi handia da, eta segurtasuna ahalik eta gehien bermatu behar da».

Hilaren 17an estatubatuarrak egin zuen jardueraren inguruan, onartu du den-dena bikain atera zela. Eguraldiarekin zalantzak izan zituen, eta leiho on bat ziurtatzea ezinbestekoa zen: «Gai horretan nire bikotekideak asko presionatu ninduen. Chamonix-eko meteorologoarekin asko hitz egin nuen. Nik neuk egun hori aukeratu nuen, eta hark esan zidan egun perfektua izango zela. Bikainak baino bikainagoak ziren baldintzak. Elurra oso gogor zegoen, eta horri esker arin eta azkar mugitu nintzen. Aurreko entrenamenduek asko lagundu didate; adibidez, iparraldeko ertzean ez nuen sokarik erabili. Oso seguru sentitzen nintzen, eta horrek guztiak konfiantza handia eman zidan. Sinestezina izan zen! Bestalde, gailurrerian haize indartsua zebilen, eta erritmoa mantsotu behar izan nuen. Hotz handiarekin, aurrera jarraitu nuen. Neraman ura izoztu egin zen. Zorionez, jaitsieran erritmo oso altua eraman nuen. Elurretan korrika egin ordez, irrist egiten nuen. Une horietako batean erori eta kokzixean min hartu nuen. Haatik, ezusteko horrek ez zuen nire helburua zapuztu. Laburbilduta: egin dudanak nire amets basatiak gainditu ditu!».

Arestian aipatu dugunez, Gerardik ibilbide alternatibo bat erabili zuen; hots, aldaera ezberdin bat erabili zuen. Protagonistak berak onartu duenez, erabaki horrek klima aldaketarekin harreman zuzena du: «Azken hamarraldiotako erregistroek adierazten dute Mont Blanc-eko ohiko ibilbide hori asko aldatzen ari dela. Nik ezin dut ziurtatu gaur egun askoz arriskutsuagoa denik, baina hori dirudi. Serac asko erortzen ari dira! Argi dagoena da glaziarrak asko aldatzen ari direla. Horregatik, iparraldeko ertza aukeratu nuen; serac horien arriskua saihestu nahi nuen! Eguraldi iragarpenetan gauza bera ari da gertatzen. Adibide gisa, entrenamendurako aukeratu nuen egun bat jarriko dut: iragarpenek zioten egun eguzkitsua eta ederra izango zela. Biharamunean jaiki eta euria ari zuen; inork ez zuen hori aurreikusi. Mendi gidariek Mont Blanc bezeroekin igotzeko garaiak ere aldatzen ari dira. Zalantzarik ez dago; aldaketa handiak ari dira gertatzen».

Amaitzeko, alpinista eta korrikalari estatubatuarrak adierazi du ibilbidean zehar ezusteko eder bat baino gehiago izan zituela: «Horietako bat Grand Mulets-eko aterpean gertatu zen. Gora begiratu nuen, eta zaintzaileak bordaren teilatuan zeuden ni animatzen. Egundoko indarra eman zidaten, eta une hunkigarria bizi izan nuen».