GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Arazoak arduragabekeria eta inpunitatea dira


Urteak pasatu ditugu entzuten biolentzia politikoaren biktimak ez direla «baztertu edo parekatu» behar, eta «testuinguru biktimologikoaren eta kriminologikoaren arteko desberdintasunak errespetatu» behar direla, «urraketa bakoitzaren berezko larritasuna beste zeinu bateko biktimekin nahastu, parekatu, konpentsatu, alderatu eta arindu gabe». Hein batean, ulertzen da zer esan eta egin nahi zen. Baina denborak aurrera darrai, eta printzipio horiek modu zital batean erabiltzen dira maiz, beti Estatuaren biolentziaren biktimen kalterako.

Torturaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta Lakuako Gobernuak gaur Donostian antolatu behar zuen «ekitaldi publiko eta instituzionala» bertan behera utzi zuen, «biktimak direla medio, hauteskunde-garaian alderdien arteko konfrontazioa ekiditeko». Ze konfrontazio klase egon daiteke, ordea, torturaren inguruan? «Beste zeinu bateko biktimak» balira, zer gertatuko litzateke honelako ekitaldi bat bertan behera geratuko balitz? Jakina, ez da konparaziorik egin behar, baldin eta bereizkeriarik ez badago. Paco Etxeberriaren taldeak alor honetan erakutsi duen errealitatea eskandalagarria da, eta erakundeek ez diote behar besteko garrantzirik eman. Arartekoak atzo azaldu zuenez, erakunde publikoek torturen biktimei babesa emateko ardurari ezin diote iskin egin.

Atzo bertan, bere biografia promozionatzeko elkarrizketa batean, Juan Alberto Belloch espainiar ministro ohiak GALi eta torturei buruzko adierazpen nardagarriak egin zituen. Besteak beste, ordurako auzipetua zegoen Enrique Rodriguez Galindo torturatzailea jeneral egiteko berak hartu zuen erabakia zuzena izan zela berretsi zuen Bellochek. Gainera, GALen «kostua minimoa izan zela» defendatu zuen. ETAren zenbait biktimak adierazpenok salatu zituzten atzo, eta beren haserrea adierazi zuten. Keinu txalogarria da, zalantzarik gabe. PSOEko zenbait politikarik ere berdin egin zuten, baina hemen konparaziorik ezin da onartu. Denis Itxasoren hitzek, adibidez, egiten duten bakarra auzi honen atzean dagoen benetako arazoa estaltzea da: bere alderdiak krimenetan duen ardura eta bultzatu duten inpunitate lotsagabea.