GARA Euskal Herriko egunkaria

Ikurrin bat edo bi?


Egun gutxiren buruan, ikurrinek hartuko dituzte Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko errepide bazterrak, eta Frantziako Tourra jarraitzen duten milaka zalek Euskal Herria eta bere koloreak ikusiko dituzte. Gaur ere ez dut surfaz hitz egingo.

Zenbait elkartek ikurrinekin errepide bazterrak hartzeko eta Bidasoaren bi aldeetatik herri bat badela erakusteko deialdia zabaldu zuten. Milaka izango dira, deialdiari erantzunez, gure koloreak astintzera animatuko diren herritarrak; baina, zein izango ote da mundu osotik gurera so izango diren zaleek hartuko duten irudia?

Zeintzuk dira gure koloreak? Munduko herrialde guztiek bandera bakar bat eta kolore zehatzak dituzte haien aberria ordezkatzeko, baina euskaldunok ez gara ados jartzen. Gehiengoak argi du gurea ikurrina dela, eta gure koloreak gorria, zuria eta berdea direla, baina alferrik da; arrazoi izateari garrantzi gehiago ematen diogu pragmatikoak izateari baino.

Nafarroako banderak euskaldun guztiok ordezkatzen gaituela edo ikurrinaren esanahi kristaua lotsagarria dela ez dut ukatuko, baina bost axola zait, eta Kanada, Argentina, Kuba edo Txinatik Tourra jarraitzen ari denari are eta gutxiago axola zaizkio gure arteko miseriak. Haien azalean jartzen naiz, eta hemen bi talde daudela pentsa dezaketela uste dut: batzuk hiru koloreko ikurrina dutenak eta besteak kate horiak dituen bandera gorria dutenak.

Hortaz, bat gara edo ez? Nork erabaki du Euskal Herria ordezkatzeko bi bandera behar direla? Ez daukat erantzunik, baina asma dezaket zer gertatzen den, bai baitakit erabaki guneetan, irabaztea baino arrazoi izatea nahiago dutenak gailentzen direla.

Niri berdin zait zein ikurrek ordezkatu behar gaituen, baina bakarra izan dadila. Bestela ere nahiko zaila da kanpotarrei gure afera azaltzen, guk geuk gauzak gehiago korapilatzeko. Beti arrazoi izan nahi dutenak ez dira bidaide hoberenak, are gutxiago politikan, gehiegitan galtzen baitute eta zatiketak sustatzen baitituzte. Izan gaitezen pragmatikoagoak eta «normalagoak»; tira, munduko gainontzeko beste herrialde guztiak bezala.

Errepidean txirringan ibiltzea bezala da: gure bidetik joan gaitezke arau guztiak ongi betez, baina gaizki ari den kamioi baten aurrean neurriak hartzen ez baditugu, arrazoi izanagatik ere, jo eta bertan garbituko gaitu.