GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Mundakako olatu artean gozatuz, garaipena San Pedro eta Kaikurentzat

Poparean aurkariak baino askoz hobeto moldatu ziren bai «Libia» trainerua KAE 1 Ligan, bai «Bizkaitarra» ETE Ligan. Biek ala biek denboraldiko bigarren garaipena eskuratu zuten eta, hori gutxi ez, eta sailkapen nagusiko buruzagitza sendotu zuten.

Sanpedrotarrek denboraldian bigarrenez jaso zituzten atzo besoak. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Gozatu egin dugu!». Harro eta pozik mintzo zen Haritz Olasagasti San Pedroko patroia, Mundakako Onura Homes XX. ikurrina irabazi berritan. Poparean sekulakoak eta bi egin zituen “Libia” traineruak, eta horrela irabazi zuen atzo denboraldiko laugarren estropada, moreen bigarren garaipena erdietsiz.

San Pedrok KAE 1 Ligako estropada mila puskatan egin zuen poparean eta sailkapen nagusiko buruzagitza indartu zuen. Bi bandera altzoan, dagoeneko 45 puntu pilatzen ditu “Libiak”, sailkapenean bigarren doan Lapurdik baino lau gehiago eta hirugarren postuan dagoen San Juanek baino sei puntu gehiago.

Gezurra badirudi ere, sanpedrotarren atzoko aurkaririk gogorrena Arkote izan zen. Plentziako traineruak asteburu bikaina osatu du bigarren txandatik abiatuta. Atzo ere azken luzera arte denborarik onenaren inguruan zebilen, eta ez luke bigarren postuan amaituko, Olasagasti patroiak esan bezala, San Pedrok azken luzean, olatu artean emandako ikuskizun apartagatik ez balitz. Horren ondorioz, atzo zortzigarren posturaino erori zen “Telmo Deunen” lekuan, Arkotek berak ohorezko txandan toki bat lortu zuen.

Goiz-goizetik esan zen Mundakako estropada eremua ez zegoela erraza; haizea tarteka 40 kilometro orduko ufadan zebilen eta olatuak ere zakar. Joaneko luzeetan, brankaz, itsasoari aurka egin zioten. Ziaboga eman ondoren, poparean metro beteko olatuak baliatu zituzten hegan egiteko gero, edo «zuloan» murgiltzeko. Denetik izan zen hiru txandetan zehar, eta zentzu horretan esan behar da laugarren kalean arraunean egin zutenek aurkitu zutela luzitzeko eta gozatzeko modurik onena.

Asmatzea izan zen kontua. San Pedrok poparean markatu zuen aldea, baina aurreneko ziaboga oso zabal hartu zuen eta, hori horrela, Arkotek ezarritako markak hausteko galtzak bete lan izan zituen. «Arazoak izan baino nahiago izan dut buelta zabalago bat ematea, badaezpada ere», onartu zuen Olasagasti patroiak ziaboga horren inguruan. Beren zorionerako, hirugarren ziaboga eta azken luzean ordura arteko akatsak konpondu, eta gozatuz irabazi ahal izan zuten.

KAIKU, GERAEZIN

San Pedroko patroia bezala, Jone Garcia de Andoin Kaikuko patroia ere pozik zen oso. «Hunkigarria izan da. Zumaia ere oso indartsu dago, baina guk gurea bikain egin dugu», onartu zuen, irribarrea ezpainetan.

Bizkaitarrek denboraldiko bigarren garaipena eskuratzeaz gain, ETE Ligako sailkapen nagusiko lidergoa sendotu zuten, Zumaiarekin zuen berdinketa hautsiz. Mundakako ur mugituetan fin aritzearen sari gehigarria.

”Bizkaitarra” trainerua hasieratik nagusi izan zen, baina bereziki poparean erakustaldia eman zuen. Zumaiak jarritako parekotasuna olatu pare bat bikain hartuta birrindu zuen Sestaoko ontziak.