Mikel ARAMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Aginte-batasuna

Urrutiegi joan zen Putinen speechwriter-a larunbatean, nagusiak Prigozhinen aurka egin behar zuen aldarria idazterakoan. Noraino, eta 1917raino, alajaina.

Benetan iruditzen ote zaie, nola batari hala besteari, 1917ko egoera berean (otsailekoan, suposatu beharko dut, bestela are okerrago izango litzateke eta) dagoela egungo Errusia? Benetan? Jarraian adierazi zuenak ulerbideren bat eskaintzen du, hala ere: azaldu zuen, ordukoaren ondorioa «gerra zibila» izan zela. Mitinetik gertuago geundekeela, hausnarketa historikotik baino, alegia.

Urrutiegi joan zela diot, gertuxeago aurki zezakeelako hausnartzeko ildo zuzenagoa. Eta gainera, esku-eskura, egutegiaren deabrukeriaz.

1941eko ekainaren 23an, hau da, 82 urte lehenago, Stalinek SESBeko Indar Armatuen Aginte Gorenaren Kuartel Nagusian, Stavka birsortzen zuen dekretua sinatu baitzuen. Tsarren Errusian eta, batez ere, I. Mundu Gerran funtsezkoa izan ondoren, 17ko Iraultzaz geroztik ehortzita zegoen. Beharbada horrexegatik izan zen isilpekotasun-mailarik altueneko 825. dekretu hura, beranduago arte ezagutuko ez zena, guztiz indarrean egon arren. Bueno, horregatik, eta zio operatibo batzuengatik.

Ekainaren 23 hura Barbarossa Operazioaren hastapenaren biharamuna izan zen. Stavka birsortu izanak dezente aldarazi zituen sobietar armadaren antolamendu-gorabeherak. Eta hasiera bateko hutsegite eta porrotak -latzenak, Ukrainan, hain zuzen- ekidin ez bazituen ere, garaipenaren oinarrietako bat izan zela aho batez onartu izan da gerora. Gaur egun inork ez duelako ezbaian jartzen aginte-batasuna erabakigarria dela edozein gerra egiteko. Zenbat eta konplexuagoa izan gerra, orduan eta gehiago, gainera.

Seguruena, hori buruan dutela aritu dira lehen egunetik Ukrainakoan Shoigu, Gerasimov eta konpainia. Baina ekain honen bigarren astera arte ez dute lortu armada pribatuak (Wagner, kadirovtsiak) armada erregularraren agintepean jartzea. Prigozhinen matxinadaren truke.

Aginte-batasuna eta gerra-negozioa ez direlako uztarri berean lotzekoak.