27 JUN. 2023 AZKEN PUNTUA Maitasunaren lengoaia Yasmine KHRIS Itzultzailea Poesiari heltzea ez zait erreza iruditzen, baina liburuetatik kanpo, poesia -kontzeptu gisa- ia edonon aurki daiteke, so ongi eginez gero. Egunerokotasunean azaltzen da: kafe bero bat, besarkada luze bat, eguzki izpi bat azalean... Sare sozialak ere, noizbehinka, zubi izan daitezke. Duela gutxi, Twitterreko erabiltzaile batek halaxe idatzi zuen: «Guk ‘zure falta sumatzen dut’ diogu, baina Mahmud Darwishek [poeta palestinarrak] ‘bide guztiek zugana eramaten naute, baita zu ahazteko hartu ditudanek ere’ idatzi du». Onar dezagun, «maite zaitut» nekez esaten dugu, tabua ez bada. “The Blue Caftan” pelikulan maitatzea debeku duten gizon marokoarren istorioa kontatzen dute, ezkutuan gordetzen saiatutakoak azaleratuz. Hitz gutxi, baina maitasun erromantikoa artisau lanean islatzen da, kaftana poliki josi bitartean. Anglofonoek “love language” deitzen diote horri, maitasuna adierazteko manera, norberarena. Honen harira, Sofia Karampali Farhat olerkari libanoarrak arabierazko esaera zahar bat berrartzen du eta bertsoa bere egiten du: «Granada zuritzen dizunak erreka baino maitasun sakonagoa du zuretzat». Egunerokotasuna. Gure etxean poesiarik ez, baina granada (eta mazedonia osoa) emeki zuritzen zen, eskuz beti.