Naroa APAOLAZA
BILBO

Hutsaren «hotsa eta hautsa», Maialen Lujanbio eta Xabier Erkiziaren eskutik

Maialen Lujanbiok eta Xabier Erkiziak «aHUTSAK HARTUa» proiektua burutu dute, Bilboko Arte Ederren Museoko «hutsa eta hotsak» abiapuntu hartuta. 2020tik gaur arte museoan grabatutako hotsen bitartez, soinu instalazio bat egin dute, bisitariak museoaren hutsean murgil daitezen. Proiektuaren osagarri gisa, performance bat, argitalpen bat eta multimedia edukiak sortu dituzte; proiektua, izatez, «buru askoko piztia» baita.

Xabier Erkizia eta Maialen Lujanbio, Bilboko Arte Ederren museoan.
Xabier Erkizia eta Maialen Lujanbio, Bilboko Arte Ederren museoan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

‘‘aHUTSAK HARTUa’’ bilduma osatu dute Maialen Lujanbiok eta Xabier Erkiziak. Bilboko Arte Ederren museoan 30 orduko hotsen grabazioak hartu dituzte hiru urtean zehar, eta horiekin sortutako instalazioa ikusgai dago museoan. Liburua eta multimedia edukiak ere sortu dituzte.

Xabier Erkizia soinu artistak eta Maialen Lujanbio bertsolariak Bilboko Arte Ederren «hutsa eta hautsa» hartu dute abiapuntu, soinua, irudia eta letrak barnean biltzen dituen bilduma osatzeko. Duela hiru urte abiatu zuten proiektua, 2020ko ekainean, eta atzo proiektuaren alor guztiak ezagutzera emateko aukera izan zuten museoan bertan.

Izan ere, hiru urteren ondoren, proiektua «amaieran» kokatu zuten artistek. Bilboko Arte Ederren Museoan aurkeztu zuten proiektua Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak, Cesar Ochoa Hezkuntza Saileko teknikariak, Koldo Bilbao BBKren Kultura Arloko arduradunak (babeslea), Xabier Erkiziak eta Maialen Lujanbiok.

‘‘aHUTSAK HARTUa’’ gaurtik egongo da entzungai Bilboko Arte Ederren Museoko 21. aretoan. Espazioa hutsa eta zuria da; teknologia ultrasonikoaren bitartez, bisitariak museoko espazio ezberdinetara garraiatu ahalko dira eta «entzuten ikasi» ahalko dute. Gainera, publikoa mugitzean, modu desberdinetan entzungo ditu hotsak.

Maialen Lujanbiorentzat, «geruzak» dira proiektuaren abiapuntua. Bi artistak museoaren azpiko geruzetan barrena ibili dira. Hortik abiatuta, proiektua hautsaren kontzeptuarekin lotu zuen Lujanbiok: «Hautsa distiraren atzean dagoena da, eta atzeko hautsa beharrezkoa da gainekoak distira egiteko».

Hutsetik abiatuz

2020ko ekainean Covidak eragin zuen «hutsetik» abiatu zen proiektua. Museoak hutsik zeuden momentu horretan, eta Erkizia eta Lujanbio Bilboko Arte Ederren Museoan «bizitzen» hasi ziren. Aurkezpenean Erkiziak adierazi zuen momentu horretan ikasi zuela bertako «margolanak entzuten». Bertan grabatzean jabetu ziren artistak artelanek behar zuten zainketaz, eta hori ere nabarmendu nahi izan dute.

Instalazioaz gain, bestelako sorkuntza lanak ere eman ditu proiektuak; ‘‘aHUTSAK HARTUa’’, artisten hitzetan, «buru askoko piztia» baita. Abiapuntua izenburu bereko liburua da: hotsez, USB batez, eta artistek idatzitako entseguez eta poesiaz osatutako argitalpena da. Horretaz gain, multimediara ere salto egin dute: atzo bertan, arratsaldeko 19.00etan, Lujanbiok eta Erkiziak performance bat argitaratu zuten webguneko mikrogunean, ikus-entzunezko beste elementu batzuekin batera.

Arte Ederren Museoko obrak direla-eta, artelan ugari lekualdatu dituzte eta espazio huts ugari daude orain. Beraz, ‘‘aHUTSAK HARTUa’’ espazio horiek inbaditzera dator.