GARA Euskal Herriko egunkaria

Adimena


ChatGPT hizkuntza prozesatzailea zer egiteko gai den zabaldu zenetik, adimen artifizialaren gaineko eztabaidak hamaika dira. Arlo batzuetan kezka nagusitu da, ChatGPTren jabe den OpenAI enpresako buru Sam Altmanek bere egin duen kezka, nahiz eta gerora bere enpresak Europako Parlamentuak onarturiko Adimen Artifizialaren Legearen kontra egin.

Ikasturtea amaitu baino lehen, ordu eta erdiko ikastaroan parte hartzeko aukera eman ziguten unibertsitatean, adimen artifizialak erakundearen zuzentasun eta egokitasun politikan izan dezakeen eragina aztertzeko. Alegia, kurtsoen eskakizunak betetzeko ikasleek aurkezturiko lanetan adimen artifiziala erabili den ala ez antzemateko baliagarriak izan daitezkeen teknikak azaldu zizkiguten, baita haren erabilera zaildu edota eragotz dezaketen proiektu proposamenak eskaini ere. Behin-behineko azalpena izan zen, ordea; ikusteko baitago ChatGPTren ahalmena. Jadanik nahikoa lan eduki, eta tori, beste ardura bat gehiago. Dena den, gutako askok urrun ikusten genuen ikastaroak deskribaturiko egoera, eta gehiegi ez larritzeko hautua egin genuen. Ikasturte amaierarako, ordea, bestelakoa zen aldartea. Administrazioak uste baino kasu gutxiago izan ziren, baina egon ziren beren lanetan adimen artifizialaz baliatu ziren ikasleak. Ordutik hona adimen artifizialari esker idatzitako fikzioen, musikaren, artearen zein albisteen berri ematen aritu dira komunikabideak. Hau mundu berria.