GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
XABIER FERNANDEZ
“Nazioen tourra: kazetaritza, identitatea eta kirola” liburuaren egilea

«Tourra bozgorailu paregabea da nazioen sentimenduak islatzeko»

Gizarte komunikazioan doktore Xabier Fernandezek (Bilbo, 1962) “Nazioen tourra: kazetaritza, identitatea eta kirola” liburua argitaratu berri du Txalapartarekin, 2019ko tesia oinarri hartuta. Egin egunkarian lanean zela harrapatu zuen Tourrak, eta adikzio horretatik abiatu zuen ikerketa. NAIZ Irratian gako batzuk eskaini ditu.

(GARA)

2023ko Tourra abiatzeko ordu eskasen faltan, Xabier Fernandez Monje gizarte komunikazioan doktorea NAIZ Irratiko mikrofonoetan solastatu zen. “Frantziako Tourra frantziar, espainiar eta euskal prentsan, 1903-2013: kazetaritza eta nazio identitatea” tesia egin zuen 2019an eta orain liburu forma eman dio horri: “Nazioen tourra: kazetaritza, identitatea eta kirola”. Ospe handiko lasterketa hau Euskal Herritik abiatzen dela-eta, mundu mailan euskal identitatea aldarrikatzeko aukera paregabea dela iritzi dio.

Baditu hiru hanka zure lanak: kazetaritza, identitatea eta kirola. Zein lotura du Tourrak nazio identitateekin?

Hasiera batean Tourra egunkari batzuen eskutik jaio zen, bai eta Vuelta eta Giroa ere. Hasiera batetik identitate bakar bat azpimarratzen zuen Tourrak: frantziarra. Baina gero, batez ere kanpoko txirrindulariek irabazten zutenean -belgikarrek, luxemburgotarrek...- eta frantziarrak garaipenik pilatu gabe egon zirenean, nazioka lehiatzera pasa ziren, ospea berreskuratu asmoz. Barne nazionalitatea sendotzeko eta euren burua munduan zehar zabaltzeko eta “saltzeko” erabili zuten Tourra. Aldi berean, gainerako nazioek berebiziko ahaleginak egin zituzten euren burua agerrarazteko. Hori behin lortuta, hedabideak berriro dantzan hasi ziren, eta hedabide bakoitza saiatu zen bere herriaren burua saltzen. Horrela, hiruki bat osatu zen: nazioa, hedabideak eta kirola.

Kazetaritzaren ikuspuntutik, zer nolako trataera jaso izan du eta jasotzen du Tourrak? Eta zer garrantzi izan du estaldura mediatikoak?

Ostiraleko aurkezpena munduko 200 telebista kate baino gehiagok eman zuten. Horrek munduan zehar izugarrizko oihartzuna suposatzen du eta, aldi berean, Tourra horretaz jabetu denean, negozio handi bat bilakatu du. Tourra hain erraldoia izanik, aukera paregabea da nazioen sentimenduak islatzeko. Tesian bi eredu agertzen ziren: alde batetik, estatua dutenen eredua -espainiar eta frantziar eredua- eta beste aldetik, euskal prentsarena. Harrigarria badirudi ere, euskal prentsarena nahiko apala eta histrionismo gutxiagokoa da. Nik uste dut hor ere presentzia daukala euskal senak. Normalean konplexu gehiago daukagu gurea saltzeko. Bestalde, espainiar eta frantziar prentsak ez du inolako lotsarik euren “produktua” saltzeko eta munduan bakarrak direla pentsarazteko gainerako herriei.

Euskal nazioak nola probestu dezake Tourra bezalako txapelketa bat, kasu honetan, irteera hemen bertan izanda?

Badakit Tourrak alde negatiboak ere badituela: prekaritatea sustatu dezakeela egunotan, alokairuen garestitzea, eraginak mugikortasunean... Baina tesiari begira, ostiralekoa adibiderik onena dela esan daiteke. Herri bat agertzen zen, bere sinbolo eta hizkuntzarekin. Tourrak jakin badaki negozio handia izanagatik ere, nora joaten den. Badaki hau Euskal Herria dela, Espainiari buruzko aipamenak oso urriak dira, eta azpimarratzekoa da zer nolako trataera ona eman zitzaion euskarari, Xabier Usabiaga kazetariaren eskutik. Txirrindulari askok keinuak egin zituzten euskararen edo Euskal Herriaren alde. Bide honetatik jarraitu behar du euskal jendarteak, munduan zehar aldarrikatzeko nazio bat garela.

Estaturik gabeko nazio batentzat, munduari existitzen dela esateak zer garrantzi du?

Izugarria. Egunero ari gara borrokan, frantziar eta espainiar estatuen artean herri bat dagoela erakusteko, hemen hizkuntza bat badagoela adierazteko. Pentsa ekitaldi globalizatu baten eskutik zer-nolako oihartzuna lor dezakegun. Euskal nazioaren ikuspegitik, Tourra sekulako bozgorailua da eta aprobetxatu egin behar dugu.

Ezin hobea litzateke euskal txirrindulari batek etapa bat irabaztea, ezta?

Bai, zazpi euskaldun daude eta aukerak dituzte etaparen bat irabazteko. Dena dela, beste hausnarketa bat egin behar da: ea zenbat euskaldun dauden aurten, zenbat ziren duela urte batzuk, eta Tourretik haratago, zer-nolako laguntzak ematen zaizkien Euskal Herriko txirrindulari taldeei, lasterketak antolatzen dituztenei...