GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Horia da hori!


Aztoratuta ikusten dut egunotan nire eskualdea, errepide eta kale nagusien inguruan sikiera. Ez dakit, asaldatourta edo! Hori da hori, horia! Ez dituzte ba plastikoak, garagardo-potoak eta kondoiak bide bazterretik bildu eta eroan, ez dakit nora baina eroan, birziklatzera ustez! Hori bai, horia, egia ere, batzuk pozarren daude baserri bueltako bide sekundarioren bat ere asfaltatu dutelako azkenean! Besterik da egun gutxi pasatuta bere horretan utziko duten asfaltoa ala hori ere bildu eta beste nonora eroango! Badakizu, udan murrizketak izaten dira, udakoak kasu honetan…

Total, inguruko herrietan tourismo-bulegoak topera. Albisteak tourrustan datoz, informazio itourri askotatik etourri ere. Itxura batez, txirrindularien lasterketa bat da hemendik pasatzeko. Hori bai, horia, tropela di-da batean pasatuko bada ere, lasai egon, aurretik datorren karabanak denbora gehiago emango du pasatzen… gaitz erdi! Eta nago ni, karabanarena inportantea izango da batzuentzat, hor botako diren karameluak batu, tokira eroan, bilgarria aldatu eta, hara!, laster izango den kanpainan postontzietara sartzeko prest! Ekonomia zirkularraren adibidetzat salduko!

Bada bai, egunotan dena dator tourbo-propultsatua. Nik Grand Depart entzun eta, gainera, aurten Irteera Operazioarekin bat eginda, zera pentsatu dut: orain bai, espetxeak hustuko! Bai zera, gehiago daude bueltatzen irteten baino! Graduen alarde madarikatua gero! Protesten artean izango ei da lasterketa. Batzuek errailen gainean tematuko, trenbidean tourbulentziak eragiten. Gauza bera egingo ote lukete nonoiz AHT demonio hori abian jarriko balitz? Ikusi-makusi! Ama, ama! Akabo Kristo Aurretik eta Kristo Ostean, aurrerantzean Tour Aurretik (TA) eta Tour Ostean (TO) izango! Amen! Hori bai hori! Horia!