GARA Euskal Herriko egunkaria

Venezuela eta AEBak sekretupean negoziatzen ari dira Qatarren


Ageriko sekretua zen, poliki-poliki itzaletik plaza publikora agertzen ari dena. AEBetako eta Venezuelako ordezkariak aurrez aurre ari dira negoziatzen Qatarren, inongo bitartekaritzarik gabe, bien arteko jarrerak aski urrunduta jarraitzen badute ere.

Jorge Rodriguezek, Venezuelako Asanblea Nazionaleko lehendakariak, eta Juan Gonzalezek, Joe Bidenen aholkulariak, hartu omen dute negoziazio prozesuaren ardura, eta presoen askapenaren eta Venezuelako bizitza politikoaren normalizazioaren beharraz jardun dira.

Nicolas Madurorentzat, baina, normalizazioaren aurretiko ezinbesteko baldintza AEBek ezarritako zigor ekonomiko denak altxatzea da, horiek direlako Venezuelaren pobreziaren arrazoi nagusia.

Citgo filialaren arantza

Venezuelako agintarien eskaeretan bereziki nabarmentzen da Bidenek izoztuta dauzkan 5.000 milioi dolarrak bueltatzea, Mexikon barne oposizioarekin egin zen elkarrizketa-mahaian erabaki zen bezala.

Gai arantzatsuena, ostera, PDVSA-Venezuelako Petrolioaren Estatu-enpresaren filial estatubatuarra den Citgo-ren egoera konpontzea da. AEBek Maduroren oposizioari esleitu zion horren presidentetza eta justizia estatubatuarrak enkantera ateratzear dauka, hartzekodunekin dauzkan zorrak ezin kitatu baitago. Madurok, baina, hau iragarri du: «Citgoren arpilatzea ez dugu onartuko». Ikuskizun dago honek negoziazioetan zein eragin duen.