Nagore BELASTEGI

Audioliburuak, literaturazaletasuna pizteko tresna

Azken urteetan podcastek indarra hartu dute, eta horiekin batera audioliburuen gorakada gertatu da. Hasiera batean irakurri ezin zutenentzako tresna baziren ere, egun edonork kontsumitzeko sortzen dira. Euskal literaturak ere pauso txikiak eman ditu bide horretan, Alberdania argitaletxearen eskutik.

Gazteengan irakurzaletasuna sustatzeko audioliburuek izan dezaketen balioan jarri du begia Alberdaniak.
Gazteengan irakurzaletasuna sustatzeko audioliburuek izan dezaketen balioan jarri du begia Alberdaniak. (GETTY IMAGES)

Lehen irratia asko entzuten zen, baina telebistaren eraginez indarra galdu zuen. Atzean gelditu zen Orson Wellesek ‘‘Munduen Gerra’’ audionobelarekin eragin zuen ikara kolektiboa. Orain, berriz, sare sozialen erabilerak joera berriak sortu ditu. Gazteak ohituta daude horien bidez entretenimendua asetzen, eta pantailak bilakatu dira produktuak ikusteko, irakurtzeko eta entzuteko bide nagusiak.

Podcastek (Internet bidezko irratsaioak, bakoitzak nahi duenean entzuteko prest daudenak) sekulako indarra irabazi dute eta, horrekin batera, audioliburuak irakurri ezin dutenentzako tresna baliagarriak izatetik ohiko kontsumorako produktuak izatera pasatu dira.

Euskarazko literatura ere ari da bere bidea egiten, eta Alberdaniak hartu du lehen lekukoa. 30 urte bete berri dituen argitaletxea aitzindaria izan zen gure hizkuntzan liburu elektronikoaren aldeko apustua egiten, eta orain ere aitzindaria da entzuten diren liburuak sortzen.

«Ez dago oso argi audioliburuen bideak zer emango duen, baina saiatu gabe ez dugu sekula jakingo; beraz, Jaurlaritzak iaz lehen aldiz atera zuen dirulaguntza baliatu genuen. Uste dugu euskarazko literaturak presente egon behar duela, gainerako literaturak dauden toki guztietan ez bada, gehienetan. Egotea bera ez da gutxi», aipatu digu Jorge Gimenez Bench Alberdaniako editoreak.

Bere hitzetan, bizi garen garaiotan irakurleen galera da argitaletxeen «kezka nagusienetako bat», bereziki euskararen alorrean. «Gure erronka handienetariko bat da jende gaztearen irakurzaletasuna bultzatzea, eta uste dugu audioliburua horretarako bide oso egokia izan daitekeela», azaldu du.

«Jende askok audioaren aldeko apustua egiten du, bai informazioa jasotzeko garaian, baita entretenimendua bilatzeko unean ere. Literaturak bietatik dauka zerbait, beraz, uste dugu, audiolilburuek aurrerapauso bat egin dezaketela, irakurzaletasunean baino, literaturazaletasunean; guri inporta zaiguna testua da, ez hainbeste euskarria», azpimarratu du Alberdaniako editoreak.

AUDIOLIBURU UZTA

Egun hiru dira literaturaren euskarriak: papera, liburu elektronikoa eta audioliburua. «Auskalo etorkizunean zeintzuk izango diren! Ni seguru nago gehiago eta desberdinak izango direla, eta literaturak, bereziki euskal literaturak, denetan egon beharko du. Euskal literaturak erronka horiei hasieratik heltzea oso garrantzitsua da», adierazi du Gimenez Benchek.

Orain arte 14 audioliburu argitaratu ditu Alberdaniak. Lehen biak Eitb-ren «esperimentu» baten fruitu izan ziren, eta gerora beste 12 sortu dituzte. Salgai duela bi hilabete jarri zituztenez, ezin dute balantze komertzialik egin eta, editorearen arabera, urtebete pasatu arte ezingo dituzte datuak aztertu.

Hala ere, lehen esperientziari buruz hitz egin digu. Kontatu du bi liburuak Eitb-ko webgunean jarri zituztela entzungai -ezin ziren deskargatu-, doan, eta harrera ona izan zutela, batez ere “Lo potolo” haurrentzako liburuak.

«Beste literaturetako editoreei esker, badakigu audioliburuena merkatu diferentea dela, jarduera nagusia ez dela izaten gehienetan liburuak deskargatzea, baizik eta zatika entzutea. Eta horretarako badaude bazkidetza bidezko plataformak, aukera hori ematen dutenak; ez da liburua erosten, baina liburua entzuteko ordaindu egiten da», esan du.

Audioliburua sortzeko prozesua luzea eta mardula dela ere kontatu digu. Lehenik, editoreak zein libururen audioa grabatuko duten erabakitzen du. Kontuan izan behar du, liburuaren kalitateaz gain, baita liburuaren entzungarritasuna ere; entzuteko liburu bat izango da.. Bigarren urratsa liburu horren estilo eta moldeari egokitzen zaion esataria topatzea da. Kasu batzuetan idazleak berak egin dezakeen arren, ez da ohikoena, eta ahozko testuarekin ohituta dauden profesionalak kontratatzen dituzte: bikoizleak, irratiko kolaboratzaileak, aktoreak... ahotsa ere kontuan izaten da.

Aukeraketa egin ostean, estudiora joaten dira. Han gauzak asko zaintzen dira. Kalkulatu behar da audioliburuko ordu bakoitzeko lau lanordu behar direla gutxienez. Esan, zuzendu, egokitu eta berriro esan: hori da prozesua, geldo xamarra. Hain zuzen, horregatik, garestia dela dio Gimenez Benchek. Eskertzen du instituzioek horretan laguntzea, zama arintzen duen oro baita baliagarri. «Ordu asko dira eta parte hartzen dutenak espezialistak dira, dagokien eran kobratu behar dute», aipatu du. Prozesuaren amaieran, «azken edizio lana egiten da, eta listo».

Liburuak aukeratzeko dauden irizpideak zertxobait aldatu dira aurtengo argitalpen planean, haur eta gazte literaturaren alde egin baitute batez ere (6 liburuk osatuko dute uzta). Horrez gain, beste irizpide bat da grabatu nahi den liburua nobedadea izatea, entzulearen arreta piztu ahal izateko.