GARA Euskal Herriko egunkaria
KATALUNIA

Immunitatea galduta ere, Madrilek zail du Puigdemonten kontra egitea

Pentsatzekoa zen bezala, Europar Batasuneko auzitegi gorenak immunitatea kendu die Puigdemont, Comin eta Ponsati buruzagi independentista kataluniarrei. Nolanahi ere, horrek ez du nabarmen aldatzen politikarion egoera, oraindik balizko helegite baten zain daudelako eta sedizio delitua indargabetuta dagoelako.

Carles Puigdemont, atzo Bruselan eman zuen prentsaurrekoan. (Kenzo TRIBOUILLARD | AFP)

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJA) Europar Parlamentuak Carles Puigdemont eurodiputatuari immunitatea kentzeko hartutako erabakia konfirmatu zuen atzo. Presidente ohiari ez ezik, ebazpen horrek JxCat taldeko Clara Ponsati eta Toni Comin kontseilari ohi eta eurodiputatuei ere eragiten die.

Hartara, gaitzetsi egin zuen euroganberak bere immunitate europarlamentarioa bertan behera uzteko hartutako erabakiaren aurka presidenteak erbestean jarri zuen errekurtsoa. Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako procés-arengatik kondenatu nahi zuen Puigdemont, eta immunitateak babestu du orain arte presidente ohia.

Teorikoki, horrek aukera ematen dio Llarena epaileari berriz ere Puigdemonten kontrako euroaginduak aurkezteko, baina litekeena da horiek eraginik ez izatea, Estatu espainiarrean sedizio delitua erreformatu egin baitzen.

Llarenak urtarrilean egokitu egin zuen Zigor Kodearen aldaketa hori. Horren ondorioz, askoz zigor txikiagoak dituzten delituak egozten zaizkie Puigdemont, Ponsati eta Comin kataluniarrei: funts publikoak bidegabe erabiltzea eta desobedientzia. Hain zuzen ere, urtarrilaren 12ko auto horretan, espainiar magistratuak Puigdemonten sedizio delitua kendu zuen, nahiz eta haren kontrako atxilotze agindua mantendu zuen.

HELEGITEA

EBJAren erabakiaren aurka kasazio-errekurtsoa aurkez daiteke bi hilabeteren buruan, eta erbesteko presidentearen defentsak iragarri zuen hori egingo duela. «Auzitegi Nagusiaren argudioak aztertuko ditugu, eta horrek kasazio-errekurtsoa jartzera behartzen gaitu, aurreko aldi guztietan egin dugun bezala», adierazi zuen atzo bertan Gonzalo Boye abokatuak sare sozialen bidez.

Ildo beretik mintzatu zen Carles Puigdemont bera, eta ohartarazi zuen orain ezer ez dela amaitzen, guztiz kontrakoa. «Denak jarraitzen du. Helegitea aurkeztuko diogu EBJAri, eta amaierara arte gure oinarrizko eskubideak defendatuko ditugu, kataluniarren eta europarren oinarrizko eskubideak ere badirelako».

LLARENAREN ERASOA

Espainiako erasoa, gertatzen bada, ez da berehalakoan izango, eta bideragarria ere ez da izango. Europa Press-ek aipatutako Espainiako iturri juridikoek gogorarazi zuten legeak ezartzen duela Llarenak iritzia eskatu behar diela Ministerio Publikoari eta akusazio partikularrari, beste euroagindu batzuk eman aurretik. Gauzak horrela, begiak Fiskaltzan eta Estatuko Abokatutzan jarriak dira orain, eta horiei dagokie, hala nahi badute, epaileari euroaginduak emateko interesa piztea.

Bestalde, kontuan hartu behar da, euroaginduak eman ondoren, epaile belgikarrek adostu behar dutela Puigdemont eta haren kontseilari ohiak atxilotzea eta Espainiaratzea. Gorenak ez du baztertzen «arrazoi hutsaltzat» jotzen dituzten horiek emango dituela berriz Belgikak, agintariak Espainiara ez bidaltzeko. Honek Puigdemonten kontrako prozesua atzeratuko luke.

Horrekin batera, Ponsatiren kasua desberdina dela zehaztu zuten, desobedientzia akusazio hutsarekin geratu baitzen eta delitu horrek ez du espetxe-zigorrik ekartzen.

Puigdemont, Ponsati eta Cominek hainbat pertsonaren babesa jaso zuten. Besteak beste, Dolors Bassa kontseilari ohiak -hau ere kondenatua izan zen- nabarmendu zuen aurkeztekoa den helegiteak kataluniarren eta, «bereziki», «Kataluniako mugimendu independentistaren eskubideak» defendatzeko balioko duela.

Junts-eko idazkari nagusi ohi Jordi Turull-ek ere «babes guztia» helarazi zien.