GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Hamar urte, bai, hamar urte


Iruñeko Udaletxe Plazatik Arabiar Emirerri Batuetara 4.459,4 kilometro daude, eta 10 urte. 2013an, EHZtik zuzenean iritsiak ziruditen lau bizardun udaletxearen ezker-eskuin dauden teilatuetan agertu, eta txitxarro-arrantzan ariko balira bezala, kanabera teilatu batetik bestera botaz, ikurrin erraldoi bat zintzilikatu zuten udaletxearen pare-parean. Hori berdel aurpegia geratu zitzaiena batzuei.

Aurtengoan ez da halakorik pasa. Batzuek ez genion aterik ixten halakorik ikusteari, zeren egungo alkate Cr1stina Ibarr0la orduko alkate Erniqu3 M4ya adina meritu ari da pilatzen. Badute eskola alderdian. Andre xumea dirudi, hitzordu bakoitzari dagokion denbora eskaintzen dionetakoa; are, lagunekin bitter kas bat hartzen dabilela mobila itzaltzen duen horietakoa, inork plana eragotzi ez dezan. Horregatik, sanferminetan eskaintza kultural handia eta zabala dela-eta, ulertzekoa da Arrano Elkartea eta Herriko Taberna isunez mehatxatzea, ez herri mugimenduaren eta euskal kulturaren kontrako ekintza delako, programazioa edukiz betetzea eta inork nora joan erabaki beharra itsusia delako baizik.

Ez da iruindarrek pairatuko duten lehen alkate espainiarzalea, nafarrak ere zailduak daude halako (Zakilixuti erreferentzia eginez) hagintariekin. Eta badago korronte bat dioena zenbat eta estuago hartu, orduan eta hobeto erantzuten dela. Zenbat eta lege estuagoak eta debeku gehiago, orduan eta erantzun irudimentsuagoak eta inpaktu handiagokoak. Zalantzan jartzeko modukoa da kirolari loturiko hiruko erregela hori; sinesteko modukoa da egoera makurra ez denean ere mugitzen dela jendea. Baina, hala ere, badaezpada, hobe irudimena opa nafarrei. Agian hori da, agian helburuak baino, irudimena motz egin zaigu 10 urtean, zeren egon badago aldea Iruñeko Udaletxe Plazan ikurrin ponposo bat zintzilikatzetik Arabiar Emirerri Batuek, Israelek edo Total Energies-ek babestutako kirol taldeak animatzeko ikurrinak astintzera.

P.D; Kazkabarrik ez dugu aipatu, zutabe bereizi bat merezi lukeen gaia da eta.