GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
Mertxe AIZPURUA
EH Bilduren Gipuzkoako hautagaia Espainiako Kongresurako

«PSOEk ez du ikusi arriskua zein zen, eta orain hor dago, ate-joka»

Kazetaritzatik Madrilgo Kongresura egin zuen 2019an, eta han jarraitu nahi du diputatu lanetan: EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburua da Mertxe Aizpurua (Usurbil, 1960). Politikaren beste plaza batzuk ere ezagunak ditu, Usurbilgo alkatea izan baitzen 2011 eta 2015 artean, eta Udalbiltzako presidentea, 2013tik 2016ra.

(Maialen ANDRES | FOKU)

Urduri ote dagoen galdetuta, ezetz; Estatuko hauteskundeak uztailaren 23ra aurreratzea denentzako sorpresa izan bazen ere, EH Bildu «etxeko lanak eginda» harrapatu zuela. Datozen bozek ireki ditzaketen agertoki guztietarako prest dagoela ziurtatu du.

Larritasun handia antzematen da hauteskunde aurrerapen honetan... eskuina eta ultraeskuina badatoz? Zer sumatzen duzue Madrilen?

Badirudi gogo horrekin datozela, eskuina eta ultraeskuina batera datozela. Bien artean ari dira gobernuak osatzen, akordioak adosten eta finkatuta uste genituen hainbat eskubide hankaz gora jartzen. Hori da beraiek nahi dutena, eta egia da, arriskua hor dago. Guk argi dugu: eskuinari eta ultraeskuinari dike bat jartzeko, EH Bildu da bermerik onena.

Berriz Euskal Herriko eta Kataluniako ezkerrak «Espainia salbatzera» behartuta daudela sentitzen duzue?

Ez, nik inoiz ez dut pentsatu Espainia salbatzera goazenik, ezta hori egin dugunik ere. Beste gauza bat da, momentu batzuetan, babesa eman diegula, ez Gobernuari, baizik proposatu dituen neurriei. Legeei begiratu diegu, edukiei, eta horren arabera egin dugu gure politika. Gu ez goaz Espainia salbatzera, euskal herritarrekin hartutako konpromisoari bide ematera baizik.

Zehaztutako helburuak bete dituzue Kongresuan?

Esango nuke hein handi batean bete ditugula. Gure Kongresuko jarduna emankorra izan da, ekimen ugari lortu ditugu eta legeetan izan dugun eragina oso garrantzitsua izan da. Ez soilik lege batzuk gure babesarekin onartu direlako, baizik lege horiek hobetu ditugulako euskal herritarren onerako. Hasieran esan genuen nolabaiteko aukera bat irekitzen ari zela gauzak egin ahal izateko, eta hastapen hartan ezinezkoak ziruditen gauzak ere lortu ditugu.

Nola da posible itxuraz Espainian Gobernu ezkertiarrenaren garaian agenda eskuindarrak hainbesteko indarra hartu izana? Motz gelditu da Gobernua?

Motel eta beldurti ibili da Sanchezen Gobernua. Askotan esan diogu tribunatik: gauza gehiago egiteko aukera dagoenean, ez egitea, atzerapausoa da. Eskuinak uzten zaizkion espazio guztiak hartzen ditu, eta hori gertatu da. Guk hasieratik ohartarazi genuen arrisku hori zegoela, baina beldur horretan erori dira.

PSOEri babesa eman zioten taldeen artean, EH Bildu izan zen maiatzaren 28an hazi zen bakarra. Zer irakurketa egiten duzu horren inguruan?

Aspalditik ikusten den joera bat da, hauteskundez hauteskunde indartsuago gaude eta ikusten ari gara jendearengan sinesgarritasuna lortu dugula. Bestalde, jendeak ulertzen du zer egiten dugun eta zergatik egiten dugun, badaki esaten duguna egiten dugula. Normala izan beharko luke horrek, baina ez da ohikoena politikan. Askotan pentsatu izan dut hauteskundeen aurretik bakoitzak esan beharko lukeela zer egingo duen eta, gero, notario baten aurrean edo, esandakoak bete ote dituen egiaztatu. Askok ez lukete gaindituko froga hori; gu, aldiz, oso lasai aterako ginateke bertatik.

Koalizio Gobernuak zertan asmatu du eta zertan egin du kale?

Asmatu du hainbat lege planteatzen eta asmatu du, baita ere, ERCrekin eta gurekin negoziatzen. Horri esker, erdibidean geratzen ari ziren hainbat lege eta egitasmoren edukiak herritarren mesederako hobetu ditugu. Bestalde, gauza asko oso gaizki egin ditu. Zerbait azpimarratu beharko banu, Sahararekiko hartutako jarrera aipatuko nuke; Saharako herria alde batera utzi du. Barkamenik ez duen akatsa da.

EH Bildurengandik urruntzen saiatzen ari da Sanchez. Badirudi Zapatero dela alde horretan pedagogia egiten duen bakarra. Tranpan erori da PSOE?

Hauteskunde kanpainan gaude eta testuinguru horretan kokatzen ditut orain esaten diren hainbat gauza, ez dut uste hauteskundeak pasatu ondoren horrela hitz egingo duenik. Lehenago ere hartu zuen halako jarrera zurrun bat, eta gerora ikusi zuen bere kontra egin zuela horrek. Gobernu honek egindako lorpenak azaldu nahi baditu, kontuan izan behar du gurekin egindakoak direla. Egia da Zapatero askoz argiagoa izaten ari dela, hori aitortu behar zaio. Sen ona jartzen ari da, nolabait.

USTE DUZU KAXOIAN GORDETA DAGOELA LURRALDETASUNARI BURUZKO EZTABAIDA?

Lurraldetasunaren gaia zerra-hortzak bezala mugitzen da, baina beti dago hor, eta hor egongo da konpontzen ez den bitartean. Herri bezala dugun sentimendu hori errealitatean gauzatuko da, hori gertatuko da, eta Espainian onartu behar dute hau horrela izango dela. Alderdi-bitasunetik gentozen, baina gaur egun ez dago horrelakorik. Errealitate nazionalak gailentzen dira Kongresuan, argazkia erabat aldatuta dago. Lehen oso gutxi ginen, baina independentismoa sartu da, presentzia du eta erabakigarria da. Eta hau izango da argazkia datozen urteetan ere.

ESKUINAK GOBERNATUKO BADU, MADRILEN PARTE HARTZEKO MODUA ALDATUKO DU EH BILDUK?

Animoa berdina izango da, eskuinari eta ultraeskuinari aurre egitea, eta erantzuteko prest gaude. Gogorragoa izango litzatekeela? Bai, baina herri honek badaki eskuinari nola erantzun, eta EH Bilduk herriaren bultzada izango du horretarako, horren zalantzarik ez dut. Lehen aipatu dugu pedagogia gehiago egiten ari dela Zapatero, eta gogoan dut inbestidurako lehenengo saioan esan nuela Estatu espainiarrean pedagogia demokratikoa falta dela. Gu saiatu gara pedagogia demokratiko hori sartzen, baita PSOErengan ere. Baina ez du erabat ikusi arriskua zein zen, eta orain hor dago, ate-joka.