GARA Euskal Herriko egunkaria

Eredu berria EAEn, baina garatzeko asko oraindik

Nerea Melgosa sailburua. (Gorka RUBIO | FOKU)

Iñigo Urkulluren Gobernuak espetxe arloko eskumena hartu izanak eredu berria ekarri du Zaballan, Basaurin eta Martutenen dauden presoentzat, baina ez du horrenbesteko eraginik izan EPPK-koei dagokienez. Azken datuak, joan berri den ekainean Justizia Sailak Gasteizko Legebitzarrean eskainitakoak, adierazgarriak dira: handia da onartutako hirugarren graduen kopurua, 774 kasu, baina horietatik 36 baino ez dagozkie preso politikoei, Madrildik zenbait hedabidek eta elkartek mesede-tratua irudikatu nahi izan duten arren.

Lehenengo balantzeak are okerragoak ziren, egia esanda. Eskumena hartu osteko lehenengo sei hilabeteetan 250 progresio onartu zituen Beatriz Artolazabal buru zuen sailak, eta horietatik zortzi baino ez ziren EPPK-koak. Orain Nerea Melgosa sailburu berriaren esku dago azken erabakia; betiere, espetxeetako Tratamendu Batzordeen proposamenak jasota eta horiei kasu eginez.

EPPK-KOAK, OSO URRUN

Kopuru orokorra ikusita, eredu berri hau ezaugarritzen lagundu duen Jaime Tapiaren helburua egingarria dela antzeman daiteke. Berak adierazi zuenez, Estatu espainolean presoen %25 dago hirugarren graduan, baina EAEn kopuru hori %40ra igo liteke, birgizarteratzeari begira ona delako eta horretarako baldintzak betetzen direlako.

EPPK-koei dagokienez, ordea, urruti dago oraindik %40ko kopuru hori. Sarek eta Etxeratek emandako datuen arabera, 110 presok izango lukete hirugarren graduan behintzat kalea zapaltzeko eskubidea, baina 36 baino ez ditu onartu Lakuak, eta hauen artean badira birritan onetsi diren progresioak (presoen kopurua txikiagoa da, beraz).

Hasiera-hasieratik Auzitegi Nazionalarekin talka saihesteko irizpidea ezarri zuen Tapiak. Gauzak horrela, Fiskaltzaren helegiteen bidez erabaki horiek bertan behera gelditzen direnean, Lakuaren partetik ez da adierazpenik izaten, eta asko jota hirugarren gradua onartzen da berriz, prozesua hasieratik berrabiatuz.

Hainbeste urtez atzeratutako eskumena galtzeko arriskua ikusten al du Lakuak? Ez dirudi horretarako tartea luketenik PPk eta Voxek Madrilen gehiengoa lortuz gero, transferentzia legez eta txukun egin baitzen. Baina adierazpen kezkagarria utzi zuen EBBko lehendakari Andoni Ortuzarrek ekainean, erasoaldi hori abiatuko balitz aurre egiteko borondaterik baluketen zalantzan jarrita: esan zuen eskumen hori ez zegoela bere alderdiaren eta Gobernu espainolaren artean adostutako egutegian sartuta, zeharka adieraziz, EH Bilduk lortutako kontua izan zela.