GARA Euskal Herriko egunkaria

Irizpideak argitzen


Mila bider idatzi dut gai honen inguruan, baina mila eta batgarren aldiz idazteko beharra sentitzen dut. Gurea botereari lotutako egunkari bat balitz, ez nuke azalpenak ematen aritu beharrik izango, ezta iristen zaizkidan datuak behin eta berriz egiaztatzen aritu beharrik izango ere. Boteretsuek diruztatzen dituzten komunikabideetako batean idatziko banu, edozer gauza ondoriorik gabe idatzi ahalko nuke baina, horrela, ez nieke irakurleei merezi duten informazioa eskainiko.

Duela hamahiru urte, atal honetan idazten hasi nintzenean, inork gutxik ezagutzen zuen Pauline Ado; horregatik, elkarrizketa bat egin nion, Euskal Herri osoko surflariak ezagutzera ematea garrantzitsua zela iruditu zitzaidalako, eta Adok inork gutxik kontuan hartzen zituen bi osagai zituen: emakumea da eta Hendaiakoa da. Horrela, emakumezkoen izenak eta Lapurdiko surflarien izenak ezagutarazteko, haien lorpenak goresten hasi ginen. Gaur Iparraldeko surflariak ere ezagutzen ditugu eta baita lehian ari diren nesken izenak ere.

Sarri, gure albisteak oinarri hartuta aritu dira beste zenbait komunikabide. Ez dute aitortuko baina horrela da, hemen argitaratu ditudan zenbait datu lehen pertsonan bizitakoak baitziren; beraz, datu horiek zabaldu zituztenek soilik orriotatik eskura zezaketen informazio hori. Ez diot inori konturik eskatuko; gure irizpideak (nazio ikuspegia eta genero ikuspegia) sustatzearekin pozik naiz.

Orain arazoa beste bat da, gure datuak eta irizpideak erabiltzen hasi zirenek esaten dutenak guri ere eragiten digula. Izan ere, badirudi orain denak direla euskal surflariak, ia edozeinek ordezkatzen gaitu Euskal Herriarekin lotura txikiena badu, eta hori ez da inoiz izan orriotan erabili dugun irizpidea. Atal honetan “euskal hiritar” edo “euskal surflari” esaten dugu Euskal Herrian hazi eta bizi diren surflariak izendatzeko. Euskaldun izatea edo ez beste kontu bat da.

Adibidez, azkenaldian Joan Duru euskal surflari gisa aurkezten dute Hego Euskal Herrian, ziur aski Baionako ospitalean jaio zelako. Atal honetan ez dugu euskal surflarien multzoan sartu eta azalpenak eskatu dizkidate. Duru Landetan hazi zen, Ondresen bizi da eta bere burua ere hangotzat du. Badirudi euskal sustraiak dituela, baina ezin izan dut datu hori berretsi. Aitzitik, bere lagunekin hitz egin ostean, eta Interneti esker, datu bitxi bat topatu dut. Didier Duruk, Joanen aitak, hiru titulu mundial irabazi zituen 80eko hamarkadan judo egiten. Joan bera ere bost urterekin hasi omen zen sambo egiten bere aitak Ondresen zuen arte martzialetako aretoan, eta une batean surfa edo sambo hautatu behar izan zuen eta, azkenean begi bistakoa denez, surfa hautatu zuen.