Jon ORMAZABAL
PILOTA

Iker Larrazabali bidesaria ordainarazi dio Jokin Altunak

Mariezkurrenak atzean asko agindu bazuen ere, amurrioarrak behar baino kale gehiago egin zituen, eta amezketarrak lortu du falta zuen torneoa.

Garaileen arteko besarkada, Mariezkurrenak Larrazabal kontsolatzen duen bitartean.
Garaileen arteko besarkada, Mariezkurrenak Larrazabal kontsolatzen duen bitartean. (Iñigo URIZ | FOKU)

27 urterekin, zirkulua itxi eta eskuzko pilotari profesional batek irabaz ditzakeen txapel eta torneo guztiak berak ditu Jokin Altunak, bizkarrak ondo gorde zizkion Beñat Rezustak lagunduta, Larrazabal-Mariezkurrenari 22-11 gailendu eta sanferminetako torneoa eskuratuta. Horretarako, bizkarraldean dituen arazoekin gorputza gehiegi behartu gabe, baina ofizio handiarekin, amezketarrak hamaika tranpa jarri zizkion lan hauetan hasiberria den amurrioar gazteari eta arabarra ia denetan erori zen, beteranoari barkatzen ez dituen erraztasunak emanda.

Apustu handia egin du Baikok Larrazabalekin, udako lehen feria handi guztietan titular gisa sartuta. Eta amurrioarrak eman dezakeenaren detaileak utzi zituen Labriten, baina onenen artean egonkortzeko bidesari garesti bat ordaindu behar izaten da, eta atzo amezketarra arduratu zen peaje hori kobratzeaz, nahiz eta Mariezkurrena handi batekin, haizea alde zuela jokatu zuen. Atzelariari jokatzen utzi beharrean, ordea, ausart, ausartegi, presaka aritu zen Larrazabal, eta Jokin Altunak ez du barkatzen.

Zalantzak zalantza, zakua beteta itzuliko da amezketarra Iruñetik, lau eta erdiko eta binakako torneoaz harago, pilotaririk onenaren saria ere eraman zuelako. Orain, gainera, astebete izango du atseden hartzeko eta eskertuko du.

IDEIAK OSO ARGI

Fisikoki bete-betan ez egon arren, aurrelari gipuzkoarra ideiak oso argi zituela irten zen: Larrazabal ezker-eskuin mugiarazi eta zuzen jokatzen ez uztea. Eta gauzak zuzen eginda, azkar hartu zuten markagailuaren kontrola.

Besterik izan zen, ordea, jokoarena. Izan ere, torneo osoan egin duen bezala, Jon Mariezkurrena aise nagusitu zen piloteoan, nahiz eta hasierako zalantzak gaindituta Beñat Rezustak, lan asko eginez, ondo eutsi zion.

Kontua da Iker Larrazabal ez zela gai izan bere atzelariak ireki zituen zuloei behar besteko etekina ateratzen. Kantxan horizontalki mugitu behar izan zuenean, aurrelari gazteari gabeziak azaldu zitzaizkion eta behar baino pilota gehiagok ihes egin zioten, bereziki zabalera.

Pilotek ere izan zuten zeresana, Baikokoek euren material bizia kantxan jarri zutenean, Jon Mariezkurrenaren nagusitasuna are handiagoa izan zelako, baina, hala ere, aldeko haizearekin min handiagoa egiteko sendotasuna falta izan zuten urdinek. Jokin Altuna zital aritu zenez sake-errematean eta tantoak amaitzerakoan, erraz nagusitu ziren bigarren erdian.