GARA Euskal Herriko egunkaria

Espekulatzen hasita


Eskuin muturra Gobernu espainolaren ezkaratzean egoteak sortzen duen kezken artean migrazio politikarena da bat. Pentsa, ultraeskuinak Moncloa iritsiko balu, Voxek lotsak erantzita haizatzen dituen diskurtso arrazistak instituzioetan sartuko lirateke eta, beraz, arrazakeriak egiturazko izaera hartuko luke.

Mugetan kontrol gupidagabeak ezarriko lituzke PP eta Voxen arteko balizko gobernu batek, Ceuta eta Melillatik hasita. Altxatuko lituzke, espekulatzen hasita, sei metroko hesiak, eta kiribilduko luke beraien bueltan txarrantxa, murrua igarogaitza izango dela ziurtatzeko. Inor zeharkatzera ausartuko balitz, zain izango luke Polizia, «beroan» kanporatzeko.

PP eta Vox gai izango lirateke Mendebaldeko Sahara areago bakandu eta Maroko okupatzailearekin lankidetza sustatzeko; pertsona migranteen giza eskubideen kontra eskuz esku lanean aritzeko, afrikarrek mugak igaroko ez dituztela bermatzeko helburu bakarrarekin.

Kanarietara bidean, Atlantikoan, alderrai geratuko liratekeen ontzietan leudekeen pertsonak han utziko lituzke eskuinak, hiltzeraino jitoan. Hildakoak milaka zenbatuko lituzkete Hegoaldeko Mugan.

Eta, kasu, Euskal Herrian ere, agian, atrebituko bailirateke, PP eta Vox, historikoki migrazio bide izan diren Irun eta Hendaia arteko zubiak ixten. Imajinatu oinezkoentzat Etorbidea zubian hesiak, eta Santiagokoan polizia kontrolak, Gobernu frantsesarekin elkarlanean. Imajinatu hildakoak Bidasoa ibaian! Onartezina litzateke, etsigarria.

Onartezina, jakina denez, espekulaziorik ez dagoelako goiko lerroetan, PSOE-Unidas Podemos gobernuaren agintaldian gertatutakoak baizik. Eta etsigarria, uztailaren 23ko hauteskundeen emaitzek migrazio politikan irekiko dituzten aukeren artean ez dagoelako bat ona: heriotzen bidetik jarraitu edo heriotzen bidean areago sakondu.