Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Biba Zarata! Jotaka!

Bada, hori, udan udakoa, eta itsasoan hegaluzean legez, lehorrean musikan dago kanpaina. Musika edonon, Zuzenean, Live, Azkena… era guztietan ere, bluesa, rocketarolla, punka, metala, soula, jazza, rapa… eta inguruko eliza nagusian organoa bada gregorianoa bera ere! Total, musikaraino! Ez dut ba nik beti esan, nire kasuan behinik behin, belarriek halako efektu aerodinamikoa baino ez dutela helburu, eta haizetean bakarrik! Bada, hori, batzuentzat jazzaldia, euskararentzat jazarraldia, nork bere banda eta bere programa. Amen!.

Baina aurten udako musikaldia berrituta dator, zelan esan? Amusikala edo! Gaitz erdi! Horra Ertzaintzaren ertzain asindikatuek, tranbiako errailak zaintzeari behingoz utzi eta musikara jo dute, mariatxitan jo ere! Biba Zarata! Are bibago, epaileak arrazoia emanda. Txilibitu ordez, gitarra. Tira, bada kantaldi horietan eurek ere kalea ikusteko bestelako modua sikiera! Orain arte kale estuan zezen modura jotake oldartu izan diren horiek orain jotaka ari dira plaza zabalean, sanferminen giroa baliatu eta ohiko kaputxa beltza lepoko zapi bihurtuta, jota bat bestearen atzetik… gaztelera garbian. Portzierto, ez ninduke harrituko jelkideek Sabin Etxea inguru hori “gune tentsionatu” izendatzeak.

Eta, jakina! Jakinaren gainean egonda asindikatuek euripean ez dutela lanik egin nahi, zelan agindua eman horiei hondartzako uretara sartu daitezela, itsasoan euria ez denean ere den-dena ura izanda? Zeinek babestuko ditu bainu-hartzaileak medusa portugaldarretik? Eta zeinek medusok bainu-hartzaileengandik? Eee? Ez, ez da erraza, are gutxiago udan eta kanpainan. Baina tira, prentsan ikusi dut iragarkia: “Eusko Jela, Euskal Herriko izotza”, JELa? Horixe ote jelkide eta jeltzaleek duten neurria klima aldaketari aurre egiteko? Amen!