GARA Euskal Herriko egunkaria

Botila urdinak


Horrela deitzen zituzten australiarrek egun “Portugalgo medusa” deitzen diegun horiei. “Blue bottles”, baina duela 25 urte Ozeaniako lur zaharretan galduta genbiltzan hiru euskaldunok “water blues” deitzen genien, gure artean izena gaizki ikasi eta zuzentzeko esfortzu handirik egin ez genuelako.

Abendua zen, uda betean ginen, eta bidaia bat egitera abiatu ginen. Adan izeneko lagun batek kamera bat utzi zigun, bere arrebaren ezkontza grabatzeko erosi zuena, baina une hartan behar ez zuenez gure eskuetan uzteko ausardia izan zuen. Egun batean urertzera gerturatu eta inoiz ikusi ez genituen medusa urdin haiek ikusi genituen, txikiak, baina tentakulu oso luzeekin. Olatuak ez ziren oso onak, beraz, nire bi lagunek lehorrean gelditzea erabaki zuten. Baina nik surf egiten irudi batzuk hartzeko aukera nuela pentsatu nuen eta itsasoratzea erabaki nuen; zeren olatu onak zirenean denok itsasoratzen ginen, eta ez genuen irudirik hartzen.

Berriki ikusi dut bideoa. Lagunari esan nion gutxienez bi olatu hartuko nituela eta adi egoteko. Gero, itsasora bidean, medusa urdin bat hartu eta bere tentakulu luzeak erakutsi nizkion kamerari. Olatu bakarra hartu nuen, baina nire lagun jatorra auskalo nora begira zegoen, eta soilik handik lehenbailehen irteteko hartu nuen aparra grabatu zuen. Medusek goitik behera jan ninduten.

Belkroa bailiran azalari itsatsita nituen tentakuluak kendu nituenean, zauriak azaleratzen hasi ziren, baina oraindik erredurak baino ez ziren. Bularraldean eta tripan ziztatu ninduten medusek “z” handi bat marraztu zidaten, eta hori ere irudietan hartu genuen, «la marca del Zorro». Hor amaitzen da egun hartako bideoa.

Ordea, bideoan ikusten ez dena gero egin nuen bidaia izan zen. Bidaia, zentzu guztietan; izan ere, pixkanaka medusen pozoia efektua egiten hasi zen, eta deliratzen hasi nintzen. Kraig izeneko surflari mitiko baten etxean esnatu nintzen hortik bi egunera. Harritu nintzen, zeren oso merke erosi genuen Volvo markako auto zahar batean egiten genuen lo orduan. Sekulako sukarrarekin, izerditan eta ametsetan pasa omen nuen denbora hura guztia. Nik ez nuen deus oroitzen, beraz ez nuen sufritu. Ez dakidana da immunizatu ote nintzen. Botila urdinak berriz probatzen baditut, jakinaraziko dizuet.