Ortzi DE LA QUINTANA IBÁÑEZ
Zuzenbidean doktorea eta toki-administrazioko funtzionarioa
GAURKOA

Euskara, epaiak eta toki-erakundeak...

Konstituzio Auzitegiak eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak euskararekiko duten jarreraren inguruko hausnarketa egin nahi dut, EAEko toki-erakunde bateko funtzionarioa naizen aldetik eta idazkaritza kontu-hartzailetza funtzioak betetzen ditudan aldetik. Baina iritzi hau ez dago aipatutako auzitegiei bideratuta, herritarrei baino; horregatik eztabaida juridiko-teknikoa alde batera utziko dut eta logikari tartea zabalduko diot.

Horrelako epaiak irakurtzen ditudanean, nire buruari beti galdera bera egiten diot: nork bete ditzake udal batean bere idazkaritza eta kontu-hartzailetza funtzioak hizkuntza jakin barik?

Idazkariek eta kontu-hartzaileek funtzio zehatzak dituzte, 128/2018 Errege Dekretuan agertzen direnak, baina jakin badakigu udal askotan funtzio horiez gain kudeaketa funtzioak ere egiten direla. Hori horrela, idazkariak, kontu-hartzaileak eta diruzainak, Udalbatzako kideek diotena ulertzeaz gain, herritarrek esaten dutena ulertzeko betebeharra ere badute. Imajinatzen duzue idazkariaren aurpegia herritarra, bere hizkuntza eskubideak eskuan harturik, euskaraz hitz egin eta ulertzen ez duenean? Beti etortzen zait burura medikura joan zen gizona «corazón quemado» zuela esaten, eta, medikuak bihotza aztertzen zion bitartean, beste mediku batek (euskalduna) esan zionean «no le pasa nada en el corazón, tiene acidez de estomago».

Gaur, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia irakurri ostean, konturatu naiz udalerrien, udalen eta toki-erakundeen errealitatetik kanpoko epai baten aurrean nagoela. Estatuko INAPen (Herri Administrazioaren Institutu Nazionala) lan poltsen lehenespena aldarrikatzen du, euskararen balorazioa proportziorik gabekoa dela adierazten du, berdintasun printzipioa aldarrikatzen du… baina errealitatea alde batera uzten du, baztertzen du. Zein da errealitatea? EAEko udal askoren ohiko jarduera, kalean, etxeetan eta udaletan, euskara hutsean dela eta euskara ez dakienak ezin dituela behar bezala bete bere funtzioak. Imajinatzen duzue Talavera de la Reinako bizilaguna Abaltzisketako idazkari kontu-hartzaile funtzioak betetzen? Ez dauka inolako zentzurik… eta lortuko den gauza bakarra da gaztelerara jotzeko joera. Baina, zer gertatzen da herritarrak ez badu erdara erabili nahi? Bere eskubideak zapaldurik geratuko lirateke eta idazkari kontu-hartzailearen jarduerak udala kaleko errealitatetik aldenduko luke.

Auzitegi Nagusiarentzat garrantzitsuagoa da Estatuko berdintasun eta gazteria eskumenak jakitea (Madrilen egin beharreko Nazio Gaitasuneko Funtzionarioen oposizioan ikasi beharreko gaietariko bat…), lan egingo duzun udalerriaren hizkuntza ezagutzea baino. Nahiz eta eskumen hori autonomia erkidegoarena eta lurralde historikoarena izan, eta EAEn beste politika publiko batzuk egon eta bestelako arauketa izan. Antzeko arazoa gertatzen da barne kontrolerako eskumen eta funtzioekin edota aurrekontu jardueraren funtzioekin (eskumen eta funtzio potoloagoak jartzearren).

Epaile batzuek, epaia eman duen epaileak barne, euskararen zailtasunei buruz hitz egin dute… Euskara hizkuntza zaila omen da. Hizkuntza arrotz bezala tratatzen dute, errealitatetik kanpo egongo balitz bezala. Ingelesa zaila izango ez balitz bezala! Ingelesaren garrantzia argia da, ez dut nik hori kolokan jarriko; baita euskararena ere. Euskara udalerriaren arima islatzen duelako, errealitatea ezagutzeko tresna delako eta udalerri bakoitzaren errealitate juridiko-administratiboa ezagutzeko bidea delako. Euskara ez da zaila, hori mitoa da. Agian Auzitegi Nagusiko epaileari zaila egin zaio, baita Ondarroako portuan lan egiten duten senegaldarrei ere. Zein da aldea? Senegaldar horiek ondo baino hobeto ikasi dute ondarrutarrez hitz egiten, Ondarroako bizitzan behar bezala sartzeko…

Konstituzio Auzitegiak ere gure Toki-Erakundeei buruzko Legearen 6. artikuluaren kontra egin du. Aktak, ebazpenak, mozioak, etab… euskara hutsean egiteko aukeraren kontra eginez. Ez dut ulertzen. Udalbatzak euskara hutsean jarduten baldin badu, zergatik itzuli akta? Hizkuntza eskubideak ez dira urratzen, ezagutzen ez duenak itzulpena eskatzen badu eta eskakizun horri behar bezala atenditzen bazaio. Udalerriko bizilagunek euren errealitatea ondo baino hobeto ezagutzen dute eta itzulpena nahi izanez gero, arazo barik, itzulpena ematen zaie. Horrek ez dio inori kalterik egiten, buruaz jardun behar da bakarrik.

Udal jarduera hizkuntza bakarrean gauzatzeak onurak besterik ez ditu ekartzen: ebazpenak emateko abiadura handiagoa, testuetan akats gutxiago, txostenetan akats gutxiago, euskarazko bertsioaren eta gaztelerako bertsioaren artean konparazioak saihesten dira, interpretazio arazo gutxiago daude, eta orokorrean udal jarduera hobea da. Udalerriko bizilagunek hori eskertzen dute.

Beste barik, euskaraz dakizuen herritar guztiei dei egiten dizuet nire eserleku apaletik zuen administrazio jarduera euskaraz egiteko. Amoroton bizi edota Santurtzin bizi. Modu horretara konturatuko zarete euskara juridikoa zuzenagoa eta zehatzagoa dela gaztelera baino, ulergarriagoa. Berez gaztelera tekniko-juridikoa zaila da ulertzeko… nork ez du barre egin legeetan edota epaietan agertzen diren parrafo luze ulertezin horiek direla-eta? Euskararekin arazo hori txikiagoa da. Animo!