Iraitz MATEO
Entrevista
ENEKO ETXEBERRIA ALVAREZ
Jose Miguel Etxeberria “Naparraren” anaia

«Gobernuak aldatzen dira, baina Estatuak bere horretan dirau»

Bere bizitzaren hiru laurdenak anaiaren bila eman ditu Eneko Etxeberria Alvarezek, eta kemena geratzen zaien bitartean lanean jarraituko dutela aitortu du. Deiren baten edo aztarnaren baten zain egotea gogorra dela kontatu digu, baina anaia ez ahaztea erabaki du eta egunero jarraitu nahi du egiaren bila.

(Juan Carlos RUIZ | FOKU)

43 urte “Naparra” desagertu zela… Nola doa prozesua?

Oraintxe bertan egoera juridikoa «artxibatze probisional» deiturikoan dago; izoztuta, alegia. Espainiako Prozedura Kriminaleko Legeak epe batzuk markatzen ditu instrukzio periodorako; hemezortzi hilabete horiek ez amaitzeko, artxibatze egoeran dago gaia. Baina nola iritsi gara horra? 2016an anaiaren kasua irekitzea lortu genuen, Iñaki Errazkin kazetariari Ramon Francisco Arnau de la Nuezek (CESIDeko agente ohia) idatzitako izkribu bat eman zionean. 2016ko uztailean Pako Etxeberria, Iñaki Egaña, Errazkin eta laurok joan giñen izkribuak jasotzen zuen lekura, Landetara. Nire anaia Jose Miguel bertan lurperatuta zegoela esan zigun; balizko bi eremu zeuden: A eta B.

Agintari frantsesek eta jendarmeriak zazpi hilabetez ikertu zuten lekua, eta 2017ko apirilaren 4an finkatu zen indusketa egitea. Arrazoi batzuk medio, erabaki zuten soilik B tokian egingo zela indusketa. Guk bigarren eremua ere induskatzeko errekurtsoa jarri genuen, eta zain gaude; ez Estatu frantsesak ez espainolak ez digu erantzuten. Bigarren miaketa egitean jarriko da martxan berriro prozesua.

Bigarren miaketa egiteko baimena nork eman behar du?

Frantziar Estatuak. Zergatik ez dute egiten? Hiru hipotesi ditut nik: Bat, badakitelako ez dagoela hor; orduan, zertako bilatu? Bi, badakitelako hor dagoela eta zera handia suposatuko lukeelako. Eta hiru, lehenengo indusketa bukatu zenean Pariseko mediku forentseak esandakoa: posible liteke hor egon izana, baina norbaitek mugitu izana indusketa hasi aurretik.

Iñigo Iruinen bidez idatzi bat sartu dugu Auzitegi Nazionalean, bigarren indusketaz galdetuz. Ez batzuek, ez besteek ez digute erantzuten; gero, kopiatu-itsasi egingo dute eta kito, ikusiko duzu.

[Elkarrizketa amaitu eta pare bat ordura jaso zuen Etxeberriak erantzuna, ekainaren 31n. Aurreikuspena bete zen: «betiko erantzun bera»]

Estatu frantsesak eta espainolak zein jarrera dute?

Borondate kontua da, eta ez dago borondate politikorik. Hemen gerra zikina egon da; kolore ezberdinetako gobernuak egon dira, baina gertatzen dena da, gobernuak aldatu arren, estatuak bere horretan jarraitzen duela. Estatua da aldatzen ez dena. Kontua ez da alderdi batek edo besteak esandakoa; Estatu espainolaren demokraziaren gabezia da kontua. 1968ko Sekretu Ofizialen Legea nola dago eginda? Estatuak badaki berak egindakoak inpunitatea duela.

Eta Madrilen PP-Vox gobernu bat eratuko balitz? Nolako egoera izango zenukete?

Beharbada are gehiago ilunduko litzateke egoera, eta ez memoria demokratikoan bakarrik. Hala ere, nire ustez garrantzitsuena ez da gobernua, berezko arazoa estatua bera da. Ea zer gertatzen den, baina datozen haizeak ez dira batere onak. Pakok (Etxeberriak) dokumentalean esaten zuena ekarriko dut gogora: «Orain hitz egin ezin bada, noiz hitz egingo da? Arduradun guztiak hilda daudenean?».

Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko imintzio bat izan da. Ekar al dezake argi pittin bat?

Lege proiektu berri horrek ez ditu nazioarteko estandarrak betetzen. Nazioarteko akordioan badago lege bat jasota, aipatzen duena giza eskubideen urraketak ezin direla sekretu bezala klasifikatu. Eta hori ez du betetzen.

Orokorrean, nola apur liteke gerra zikinaren inguruan Madrilen dagoen harresia?

Garrantzitsua da nazioarteko esku-hartzea. Marlaskari zenbatetan esan diote Estrasburgotik kasuak ikertzeko? Gure kasuan, pizgarria izan zen Genevan Bortxazko Desagertzeen Lan Taldearekin lehen bilera izatea. Madrileko harresi hori botatzea zaila da. Gizarteak ere hartu behar du bere ardura; horrelako kasuetan buru-belarri ari direnak beti dira senideak. Gurean Joxe Migel ez ahaztea erabaki dugu. Gainera, ez da hildakoa, desagertuta dago. Egia lortzea zientzia fikzioa da momentu honetan. Orain egin diren legeetan, «aitortza eta erreparazioa» jartzen du, baina egia ez da aipatzen, bigarren maila batean uzten da; eta horrela aulkiak herren egiten du.