Mikel IBARGUREN
Idazlea
JOPUNTUA

Hilkintza ikusezina

Gogorra da izenburua, baina Matthieu Lepine irakasleak bere liburuari nahitara emandako izenburua da. Frantzian gertatu diren lan istripuen erroetara jotzen du, istripu hauen zergatiak aztertu eta ulertzeko asmoz. Latza da bere ondorioa. Laneko heriotzak gertaera sozial huts izatetik, halako «faits divers» izatetik, politikaren lehen lerrora ekarri behar dira, haren ustez. Heriotza hauek ez direlako fatalitate baten ondorioz gertatzen. Istripu bakoitzaren atzean kausa-ondorio berberak daude eta, beraz, ez da fatalitate kontua. Segurtasun neurririk eza, langile gazte hasiberrien formakuntza eskasa, kalifikatu gabeko eskulan merkea, aldizkako kontratuak, ugazaben arduragabezia, lan-ikuskarien gabezia eta, oro har, lan baldintzen okertzeak dira Lepinek atera dituen ondorio nagusiak. Askotan heriotza hauek ekidin daitezkeela dio. Aztertutako lau urteetan, esaterako, 1.399 langile hil dira munduko 8. potentzia handienean, Frantzian. Euskal Herrian dagoeneko 27 dira lanean hildakoak.

Anonimatuan, edo are indiferentzian, gelditzen diren heriotza hauen atzean dauden izen-abizenak dakartza liburuan. Haien borrokak, kezkak eta ametsak deskribatzen ditu. Laneko heriotzek tabu izaten jarraitzen baitute eta ez da ugazaben edo gobernu ezberdinen lehentasunetan inoiz agertzen. Baina odolustea etengabea da.

700 euroko erretretarekin ezin bizita hil den Michel da liburuan aipatzen den bat, «lanerako gai naizen artean lan egingo dut» esaten zuena. Bestea Harouna da, 19 urteko uberizatutako «proletarioa», berak zioen bezala; «karrika da gure enpresa» errepikatzen zuena. Ikasketak ordaintzeko ari zen beharrean.

Joaquin Beltranek ere jakinarazi zuen zabortegiko egoera kezkagarria zela, arrakalak agertzen ari zirelako. Urkullu lehendakariak esan zuen hondamendia «inpredeziblea» zela.

Joaquin Beltran luiziak gorde du betirako.

Alberto Sololuze aitona zen eta jubilatzekotan zen.

Kapitalismo globalizatuaren bozeramaileek beti garbitzen dute beren kontzientzia fatalitatearen izenean.

Gertatu behar zuen eta kito.