GARA
GASTEIZ
ALAVES

Laguardia enbaxadorea eta kirol zuzendaritzaren lan taldeko kidea izango da

Erdiko atzelariak beste urtebeterako kontratua zuen arren, 33 urterekin erretiroa hartu du. Erabaki «zaila eta gogorra» izan dela onartu du.

Laguardiak zortzi denboraldi egin ditu Alavesen.
Laguardiak zortzi denboraldi egin ditu Alavesen. (E. PORTILLO | FOKU)

Victor Laguardia 2014an iritsi zen Alavesera eta kapitain handi bat bezala agur esan dio jokalari ibilbideari. 285 partida jokatu dituenez, talde gasteiztarraren historian norgehiagoka gehien jokatu dituen hirugarren futbolaria da. Horren erakusgarri da oroigarri bat eman ziola Iraultza 1921 zaleen taldeak.

Sergio Fernandez kirol zuzendaria eta Alfonso Fernandez de Troconiz presidentea alboan zituela, futbola uzteko erabakia azaltzeko agerraldia egin zuen atzo Laguardiak. Zaragozan jaiotako mutilak oraindik 33 urte ditu eta beste urtebeterako kontratua zeukan. Prentsaren aurrean aitortu zuen moduan, erabaki «zaila eta gogorra» izan da. Hala ere, zintzotasunez eta arduraz jokatu duela uste du. Gazteei bidea egin behar zaiela nabarmendu zuen, eta ezin zuela «berekoia» izan. Taldea Lehen Mailara bueltatzea lortu ostean, erretiroa hartzeko une egokia dela aipatu zuen.

Amets guztiak bete dituela azpimarratu zuen, eta futbolaz bizitzeko «pribilegioa» izan duela, gogora ekarriz bere ibilbidean igaro dituen taldeak: Oliver, Zaragoza, Las Palmas, Alcorcon eta Alaves. Egindakoaren «harro eta bakean» sentitzen dela esan zuen.

Igoera ospatzeko ekimenetan gogotsu ikusi zitzaion Laguardiari, Alavesko jabe nagusia den Josean Kerejetarekin txantxak egiten. Komentatu zuenez, Levanteren zelaian irabazi ondoren taldekide batzuei aurreratu zien futbola uztea pentsatzen ari zela.

Ez du jokalari bezala Alavesen kamiseta defendatzen jarraituko, baina talde gasteiztarrarentzat lanean segituko du. Kirol zuzendaria den Sergio Fernandezek nabarmendu zuenez, Laguardiak «izateko modu bat eta bizitza ulertzeko era bat erakutsi digu, eta ohore bat izan da berarekin lan egitea». Alfonso Fernandez de Troconiz presidentearentzat, aldiz, Laguardiak Alavesen izaera ordezkatzen du bikain eta klubaren enbaxadore lanak egingo ditu. Aldi berean, kirol zuzendaritzaren lan taldeko kidea izango da. Lehen taldeko jokalari eta klubaren arteko zubi lanak egingo ditu.

Eginkizun berria zehazten joango direla esan zuen Laguardiak, baina zelaian bezala dena emango duela ziurtatu du. Alavesen zaleak goraipatu nahi izan zituen agurrean erakutsitako leialtasunarengatik, zorretan izango dela beti.

Bestalde, taldearen kapitain berria izateko zenbait jokalari prest daudela gaineratu zuen eta, horien artean, Duarteren izena atera zen. Taldekideen babesa ere jaso zuen Laguardiak agurrean, eta hunkiturik zegoela igarri zen.