20 JUL. 2023 KOLABORAZIOA Lotsa politikoa Itziar AIZPURUA EGAÑA Ezker abertzaleko militantea Ez dakit izenburua egokiena den jarraian irakurlearekin partekatu nahi nukeena adierazteko; izan ere, gaztelaniazko decencia hitza iruditzen zait hobeto atxikitzen zaiola. Hala eta guztiz, elkar ulertuko dugun ziurtasun osoa daukat. Begira, irakurle maite, hasieratik esan nahi dizut engainatua senti ez zaitezen abertzale jaio nintzela, eta ezkertiarra egin, nire bizitza ederraren ibilbide osoan. Horretarako, familia eta kide-senar ezin zintzo eta jatorragoak izan ditut, eta gaur egun haietakoen belaunaldi gazteagoaz gozatzeko aukera daukat; luxu handia, nirea! Beraz, begirada luzean, Euskal Herria nire baitan sentituz, zintzoago eta librea egin nahian datozen belaunaldientzat, zerbait baino gehiago egin beharra daukadala diotsot neure buruari une apropos honetan, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak ate-joka dauzkagunean. Ez ditugu bi hilabete igaro ere udal eta batzar nagusietako hauteskundeen emaitzak jaso genituenetik. Eta, horko emaitzak alderdi galtzaileek nolaz kudeatu duten ikusita datorkizu «lotsa politikoa», artikulu honen izenburua. Iruzur eta eskandalu ikaragarria da Euskal Herrian EAJ egiten ari dena: marra gorria jarri beharrean PPri eta berarekin loturik doan Voxi, lankide legez hartzen ditu, lagun politiko gisa. Lehenengo alderdia eta gero aberria, eta ez alderantziz; bere betiko joko politikoa. Jaun eta jabe gantzutua bezala funtzionatzen du EAEn herritarren borondatearen aurka, entzungor eta mespretxuz. Bere txiringitoa balira bezala kudeatzen ditu EAEko instituzio politikoak. Gainean ditugun Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainan, PPk garbi dio orain arte lortu ditugun hainbat eskubide sozial eta politiko bertan behera utziko dituela bere agintzapean, eta Voxek, berriz, Francoren nostalgiapean burdinazko eskuarekin ekingo diola. Euskal Herria eta Katalunia jopuntuan... Francoren estatu-kolpetik 86 urte egun hauetan bete ditugu, eta herritar zaharrenen memorian iltzaturik bizi da ahaztuko ez dugun gurutze-bidea. Horrelakorik egun ezinezkotzat jotzen bada ere, francokumerik ez dugu behar, orain arte herritarren borrokaz eta lanez, kemen handiz lortutakoa ken diezaguten. EAJk aurreko hauteskundeetan egindakoaren ez damu ezta lotsarik gabe, bere burua zurituz, faxismoaren kontra aitzindari gisa agertu nahi du, etxeko instituzioetan, herritarrentzat hurbilen dauden tokietan, PPri legezkotasuna eman dionean. Nahi badute ala ez, bistan geratu da, ikusi nahi ez duenarentzat ere, alderdiaren interesen alde jokatuko duela betiko legez eta bidetik, deus aldatu gabe. Ezker abertzaleak marra gorria faxismoari jaio zen unetik jarria dio duela 65 urteotan, eta jarraituko du izaten faxismoa bera gailendu arte, izen bat edo beste bat izan: PP, Vox, UPN eta aurreko garaian AP, UCD eta abar, etengabeko borroka baita independentzia sozial eta politikoa lortu arte. Pozik adierazi behar dut irabazleen zelaian ilusioa, gogoa, eta indarra agerikoak direla. Ezker abertzaleak eta bere inguruak garbi daukate momentu honen garrantzi politikoa, eta aurrera ekingo diote ezbairik gabe, nahiz urduritasun puntua badagoen militante bakoitzaren baitan faxismoari planto egiteko. EH Bilduk altxatuko du Madrilen, Euskal Herrian, Europan, eta behar den toki guztietan faxismoaren aurkako ahotsa, eta ukabila, gure asaben omenez, geu askeago izan gaitezen, eta ondorengo belaunaldiak harro bizi daitezen euskaldun izaten. Egingo dugu! EAJk, bere burua zurituz, faxismoaren kontra aitzindari gisa agertu nahi du, etxeko instituzioetan PPri legezkotasuna eman dionean