GARA
DONOSTIA

Ultren mehatxuen aurrean, izaera feminista berretsi du EH Bilduk

EH Bilduko emakumeen agerraldia, Donostian, Pozueta eta Aizpurua hautagaiak tartean.
EH Bilduko emakumeen agerraldia, Donostian, Pozueta eta Aizpurua hautagaiak tartean. (EH BILDU)

EH Bilduren izaera feminista berrestearren, Donostian elkartu zen koalizioko dozenaka emakume, tartean, Bel Pozueta eta Mertxe Aizpurua Kongresurako hautagaiak. «Atzerapausoen mehatxuaren aurrean, askatasunen murrizketaren mehatxuaren aurrean, emakumeekiko indarkeriaren ukazioaren mehatxuaren aurrean, euskal emakumeok erantzuten jakingo dugu», adierazi zuen Pozuetak, Nafarroako zerrendaburuak.

«Euskal gizartearen gehiengoa politika feministen alde» dagoela sinetsita, koalizio abertzaleak bere egin zuen konpromiso hori. «Euskal Herri Feminista. Hori da gure proiektuaren oinarrietako bat. Dena zeharkatzen duen helburua: berdintasunaren, elkartasunaren, askatasunaren eta justiziaren balioetan oinarritutako herria eraikitzea. Horixe nahi dugu gure herriarentzat», nabarmendu zuen Pozuetak.

Euskal Herriko mugimendu feministak urte luzez egin duen lana goraipatu zuen diputatu nafarrak, esanez «eskubideen konkistaren eta diskriminazioaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren abangoardia» dela.

«Asko sufritu eta jasan dugu. Baina borrokari, kontzientziazioari eta balioak eta jarrerak aldatzeko gaitasunari esker, euskal gizartea gero eta gehiago aurrera egiten ari da, emakume guztien eskubide guztiak errespetatuko eta defendatuko dituen gizarte baterako oinarri berriak eskuratzen», gaineratu zuen Nafarroako zerrendaburuak.

«ASKO DUGU JOKOAN»

Gipuzkoako hiriburuko ekitaldian izan zen Mertxe Aizpurua Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburua ere. Bere esanetan, EH Bilduko kideek «konpromisoz» defendatuko dituzte herritarren eskubideak, «oraindik pairatzen ditugun diskriminazioekin amaitzeko eta aurrera egiten jarraitzeko, indarkeria matxistari aurre egiten jarraitzeko, defendatuko gaituen eta gaitzetsiko ez gaituen justizia bilatzen jarraitzeko».

«Asko irabazi dugu, bai, baina asko dugu irabazteko. Aurre egin beharreko balio atzerakoi asko ditugu parez pare. Diskriminazioekin amaitu behar dugu eta horretan aurkituko gaituzte beti Euskal Herria Bilduko emakumeak», baietsi zuen Aizpuruak.

Politika feministak bultzatzeko «adostasun sozialak» behar direla nabarmendu zuen gipuzkoarrak eta, aurreratu zuenez, horien bila jardungo dute EH Bilduko diputatuek Madrilgo Kongresuan. «Denok, bakoitzak bere esparrutik, bakoitzak bere tokitik, lan egin eta bultza egingo dugu adostasun sozial berriak lortzeko, baita Madrildik ere, guretzat pentsatutako politika publiko berriak lortzeko», esan zuen.

PPk eta Voxek ordezkatzen duten bloke atzerakoiak eta ultraeskuindarrak orain arte lortutako aurrerapauso feministak atzera botatzeko arriskua dakar; horregatik, Aizpuruak ohartarazi zuen asko dagoela jokoan datorren igandeko hauteskundeetan: «Gure eskubideak eta askatasuna ditugu jokoan. Aurrera egitea eta atzera ez egitea dugu jokoan. Gure nahiaren aurka, iraganera eraman nahi gaituztenak geldiaraztea dugu jokoan».

Hori dela eta, Euskal Herria Bilduko ordezkariak Euskal Herriko emakumeengana zuzendu ziren, eskatuz, beraien botoaren bitartez, uztailaren 23ko hauteskundeetan «elkarrekin bultza» egitera batu daitezela, «emakume aske eta gure eskubide guztien jabe izango den herri berri baten alde».

«Gorde dezagun lortutakoa, eta har dezagun, elkarrekin, konkistatzeko geratzen zaigun guztirako bultzada», aldarrikatu zuen Mertxe Aizpuruak.