Maria DEL RIO
Zuzenbidean doktorea
JOPUNTUA

Asfaltoa etorkizun?

Udak gero eta luzeagoak eta beroagoak dira, eta horrek, deserosotasun nabaria eragiteaz gain, zirrara ikaragarria du ekosistemetan eta pertsonengan. Benetan deigarria da entzutea litekeena dela aurtengo uda aurrerantzean biziko ditugunen freskoena izango dela. Hau da, ez gara bero bolada puntualez ari, arazoa askoz ere estrukturalagoa da. Beraz, funtsezkoa da klima aldaketa arintzeko ez ezik, aldaketa horren ondorioetara egokitzeko ere serioki lanean hastea, eta udal eremutik horretan ere eragiteko gaitasuna handia da.

Bereziki premiazkoa da hirietan esku hartzea, klima aldaketaren eta kutsaduraren ondorioak bateratzen dituen «hiriko bero uhartearen efektuagatik». Horren ondorioz, tenperatura altuagoa da hiriguneetan inguruetan baino, batez ere gauean. Horretan eragina dute, esaterako, energia kontsumo handiak, asfaltoaren portzentajeak, ibilgailuek sortutako beroak edo naturagunerik ezak. Asko dira eman beharreko pausoak, baina zuhaitzen eta landarediaren hazkundea dudarik gabe premiazkoa da. Hiriko bero uhartearen eragina murrizten laguntzeaz gain, beste hainbat ondorio onuragarri ere badituzte, hala nola kutsadura akustikoa eta atmosferikoa murriztea, osasun fisikoa eta mentala hobetzea edo jarduera fisikoa sustatzea.

Bartzelona edo Paris bezalako hiriak etorkizunari begira lanean ari dira dagoeneko, eta horregatik gehiago harritzen du parametro horiek kontuan hartzen ez dituzten plaza edo kaleen eraberritzeak; oraindik ere hormigoiaren aldeko apustua egiten jarraitzen baita behin eta berriz. Hori ez da soilik hirigintza zaharkituaren adibide, gure hirietako espazio tradizional edo esanguratsuenak baino askoz gutxiago egokituak direla esan dezakegulako. Leku horietan pentsatzen dugunean, zuhaitzak, bankuak eta iturriak etorriko baitzaizkigu burura. Bakarrik ikusi behar da zein toki aukeratzen dugun arratsalde beroetan elkartzeko. Egokitzapenean egiten dugun ahalegina batez ere etorkizuneko belaunaldien onurarako izango da, zer nolako oinordetza utzi nahi diegun erabakitzeko ordua da.