GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Hemen-Han, eta hor ere, arrakala


Gaur da amaitzeko. Honenbeste gorabehera, horrenbeste tarteko helmuga, hainbeste zulatze eta izerditze, hainbeste bandera bidean eta, horra! Azkenean azkeneko helmuga eskura, etorbide handian! Bai, horixe, kanpainaz nago, baietz; baina ez, ezetz, hegaluzekoaz ez, demonio! Hauteskundekoaz nagoela! Prefostia! Bada bai, har beza belarriko ezkoak merezitako atsedenalditxo bat, opor ofizialekin batera bada ere. Eta postariek ere, ezinbestean! Eta postontzi gizajoei ere, oxigenoa behingoz sar dakiela!

Total, diputatuen jauregiko aulki-gainak, zehazterik ez den denbora baterako, ipurdi berriak ezagutzeko tenorean dira gaur gauean. Noiz eta bihar hasten den geroko hemiziklo zer horretan eskuin aldeko aulkidunek, zenbakiak lagun izatekotan, eskubide asko eta askotarikoak garaipen arkupetik pasatzeko asmotan direnean! Itzulia, hortaz, iraganera itzulia nahi! Gutxieneko eskubideei muga jartzea, helmuga! Zezen-larru bakarra eta orbangabea, helbidea! Badute lana kalkulagailuek gaurkoan. Gori-gori ibiliko dira, energia-pikua gero! Atean lehoiak dituen jauregi hartako leihoek erdi zabalik segitu ala zehazterik ez den denbora baterako giltzapetu; hori ere, eguna bukatu aurretik argitzekoa.

Inoizko argien agertuko zaigu Hemen-Han arrakala soziopolitikoa. Kolpea gero, Hemengo lurretatik Hango jauregikoa bizi behar izatea, eta horretara kondenatuta sentitzea! Sudurrean matxardak eta guzti. Baina bidea ibilian egiten da, sigi-saga, gora-behera, eta gaur bildu egiten gaituen harako apustua behin-behinekoa izanda, gaitz erdi! Hemen bidea zabalduz joateko. Gaur gauean esan dezatela kronikariek Hemen bilduko tropela eskapatu egin dela bizikleta estatikoa zulatuta atzean geratu direnengandik… Guretzat helmugak beti, berez, tartekoak direla badakigu; helbide, jakina!